URTEKO HEMEZORTZIGARREN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Mana desertuko janaria )
Jalgitza liburutik 16, 2-4. 12-15
2 Basamortuan, Izraeldarren elkarte osoa marmarikan hasi zen
Moisen eta Aaronen kontra, erranez:
3 “ Ai, hobeko zen, Jaunaren eskuz hil bagine Egiptoko lurrean,
eltze beteka haragiak aitzinean jartzen ginenean,
ogia asetzeraino jaten ginuenean!
Zuek basamortu huntarat ekarri gaituzue,
elkarte osoa gosez hiltzera.”
4 Jaunak erran zion Moisi:
“ Huna, zerutik ogi-erauntsi bat eginaraziko dutala.
Herria egunean egunekoa biltzera aterako da,
eta horrela frogatuko dut, ea nere legearen arabera dabilan, ala ez.
12 Entzun ditut Izraeldarren erasiak.
Erranen diozute: Arratsaldean haragia janen duzue,
eta bihar goizean ogiz aseko zirezte.
Orduan jakinen duzue ni Jauna, zuen Jainkoa naizela.”
13 Arratsaldean kailak etorri ziren, eta kanpaleku osoa estali zuten;
eta biharamun-goizean ihintzez estalia zagon inguru guzia.
14 Ihintza airatu zenean, bazen lur gainean azal mehe bat,
izotza bezalakoa.
15 Hura ikustean, elkarri galdezka hasi ziren Izraeldarrak:
“ Man hu ? ( erran nahi baita: Zer da hau? ) ”,
ez baitzakiten zer zen.
Moisek erran zioten:
“ Hori da Jaunak janaritzat emaiten dautzuen ogia.”
« Zuek basamortu huntarat ekarri gaituzue, elkarte osoa gosez hiltzerat. »
Pentsatzea ere
holako itsuskeria bat Jainkoak bere populuarentzat asma eta egin dezakeela ezin sinetsia da.
Alabainan murmurikak ez dira Moiseri buruz eginak, bainan bai Jainkoaren beraren alderat :
« Jaunaren kontra dira zuen marmarak » (Jal 16, 8). Moisek ez du Egiptotik ateratzea bere
eginkizun bat bezala kontsideratzen, bainan dio Jainkoa dela hor arizan, beti eta denetan Jainkoa
dela ari.
Marmarikak. Egiptotik atera eta libertatea eskuraturik izraeldarrak Jainkoaren goresten eta
eskertzen ikusten dira : « Nere indar eta kantua Jauna !Hura nere salbamena. Nere Jainkoa da,
hura dut ospatuko. » (Jal 15,2) . Bainan laster, desertuan urik ez baitute aurkitzen edo aurkitzen
dutena ezin edana baita « Karatsa baitzen ! » (Jal 15,24) Kantuak utzirik, murmurikan hasten da
populua.
Horra nola itzultzen diren. Jainkoa ote da aldatu, egoera aldatu delakotz ? Gertakizun hunek
ederki erakusten du nolakoak giren, zein aldakorrak ! Ez, Jainkoa ez da aldatu : entzun ditu
Izraeldarren erasiak eta mana igorri diote. Eta « igorri zaioten mana horrek iraun zuen Kanaanen
sartu arte. » (Jos 5,12)
« Eta horrela frogatuko dut, ea nere legearen arabera dabilan, ala ez. » Herria frogatuko
dut, ikusiko dut jakinen duenez nere eskertzen. Eta guk, denak ukanak ditugun hauek, badakiguia
Jainkoa eskertzen ? Ez du iduri izraeldarrek Jainkoa asko eskertu zutela, gogoan zituztelakotz beti
Egiptoan jaten zituzten arrain, porru, tipul, baratxuri eta bertze gauza onak. Marmarikak ez ziren
beraz ixildu.
Salmoa 77
Leloa : Zuk eman beti, Jauna, guri Zerutik jautsi ogi hori!
Gogoan atxik aditu eta ikasiak,
Aitzinekoek guri kondatu zer guziak.
Semeri erran Jaunak merezi goresmenak:
Haren indarrak, miragarriko haren lanak.
Erran du Jaunak hedoi gaitzeri diten higi:
Zabalik ditu zeruko bortak han ideki.
Haz diten denak handik tzirtzirka mana jalgi,
Eta nasaiki eman diote zeru-ogi.
Azkar ogitik gizonak janik, azkar doa:
Ausarkian du Jaunak igortzen jatekoa.
Hek hola ditu sarraraziak lur sainduan,
Bere eskuak beretu duen mendi hortan.
„Gogoan atxik aditu eta ikasiak, aitzinekoek guri kondatu zer guziak.“ Izraeldarrek badakite
zein den inportantea Jainkoak, lehengo denboretan heientzat egin guzia. Horrela da aitatik semera
fedea hedatzen, herriaren lekukotasunari esker.
Juduek badakite fedea ez dela adimenduak arrazoinkatuz ekartzen daukun zerbeit, bainan
esperientzia bat, Jainkoak eman eta barkatu dituen guzien esperientzia.“ Ausarkian du Jainkoak
igortzen jatekoa…zabalik ditu zeruko bortak han ideki.“
Bizkitartean populuaren marmarikak ez dira ixildu. Jalgitza liburutik entzun dugun pasaia
horren erakaspena ez ote hau: Libertaterako bidea bide neketsua dela, ainitz usaia goxo eta egitate
segurtasunez beteeri uko egin behar delakotz bide hori hartuz geroz. Gibelerat itzultzeko tentazioa
hor da eta egun, lehen bezala, marmarikaz betea da bide hori.
Bigarren irakurgaia
( Gizon berria )
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 4, 17.20-24
Haurrideak,
17 huna zer erraiten eta zinez aitortzen dautzuetan Jaunaren izenean:
ez zaiteztela bizi paganoak bizi diren bezala: buru arinak dira.
20 Ez da hori Kristo ezagutzean zuek ikasi duzuena,
21 Hura bera balinbada bederen iragarri eta irakatsi dautzuetena,
Jesusen baitan den egiaren arabera.
22 Beraz, zuen lehengo bizi moldeari uko eginik,
kenazue zuen baitan den giza izaite zaharra
gutizia tzar lilluragarriz usteldua.
23 Zuen gogo bihotzak berritu behar dituzue,
24 eta jantzi giza izaite berria,
Jainkoaren idurirat egiaren baitan saindu eta zuzen kreatua.
„Ez zaiteztela bizi paganoak bizi diren bezala ». Alabainan Kristo ezagutuz geroz
giristinoak behar du „jantzi giza izaite berria“ lehengo bizi moldeari uko eginik “Jainkoaren
idurirat…kreatua delakotz.“
Bainan nola ken „giza izaite zaharra“? Erran ditaike hau atetik kanpoan eman ondoan,
berriz leiotik sartzen zaukula. Gogorat heldu baitzaizkigu Izraeldarreri bezala, egiptoko lurrean
eltze beteka aitzinean „ginituen haragiak.“
Gure libertateak bi bideren artean behar du egin bere hautua: egia eta gezurraren artean,
argia eta ilunbeen artean. Hil artino gizonak beharko du borroka hori ereman. Jainkoa lagun, garaile
aterako da.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Jaunak hazi du bere herria desertuan eta zeruko ogiz ase.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 6, 24-35
24 Jendeak ikusia zuen ez Jesus eta ez dizipuluak
ez zirela ur bazterrean.
Orduan untzietarat igan eta Kafarnaumerat joan ziren, Jesusen bila.
25 Itsasoz bestaldean aurkitu zutenean, erran zioten:
“ Irakasle jauna, noiz etorri zira hunat?”
26 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Egiaz-egiaz diozuet: nere bila zabiltzate,
ez ezaugarriak ikusi ditutzuelakotz,
bainan ogia jan eta ase baitzirezte.
27 Lan egizue, ez galtzen den janariagatik,
bainan betiko biziraino irauten duen janariagatik.
Hori Gizonaren Semeak emanen dautzue,
Seme hori Jainko Aitak bere zigiluz markatu baitu.”
28 Orduan erran zioten:
“ Zer egin behar dugu, Jainkoak nahi duenaren egiteko?”
Jesusek ihardetsi zioten:
29 “ Hau da Jainkoak nahi duen egintza:
harek igorri duenaren baitan sinets dezazuen.”
30 Heiek orduan:
“ Zer ezaugarri egiten duzu,
guk ikusi eta zure baitan sinets dezagun?
Zer egiten duzu?
31 Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan;
Liburu Sainduak dion bezala: Zerutikako ogia eman zioten jatera.”
32 Jesusek ihardetsi:
“ Egiaz-egiaz diozuet: ez zaitzuen Moisek eman zerutikako ogia,
nere Aitak emaiten dautzue zerutikako egiazko ogia.
33 Jainkoaren ogia ,
zerutik jautsi eta munduari bizia emaiten diona da.”
34 Heiek orduan:
“ Jauna, emaguzu beti ogi hortarik.”
35 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Ni naiz biziaren ogia.
Nereganat datorrena ez da gosetuko;
nere baitan sinesten duena ez da sekulan egarrituko.”
„ Nere bila zabiltzate…ogia jan et ase baitzirezte.“ Jesusek bere jendea ezagutzen du, eta
bere ondotik dituela ikusteak ez du lilluraz betetzen. Eta bizkitartean, populu sinets-gogor horri du
Jesusek aldarrikatuko nor den : “Jainko Aitak zigiluz markatu Semea…Biziaren ogia…harenganat
datorrena ez da gosetuko…Haren baitan sinesten duena ez da sekulan egarrituko…“
Nola jasan holako solasak ? Nazaret herritik heldu den zurginaren seme horrek ba ote daki
zer derasan ? Ez da mirakulu juduek ez badituzte solas horiek onartzen : betidanik erakatsia izan
zaiote Jainko bakar bat dela eta Jesusek ez ote du bere burua Jainkoaren heinean emaiten ?
Guk, ttipi ttipitik, Jesus, gain hartan bizi zen norbeit bezala ikusi dugu, adoratu behar zen
norbeit bezala. Ebanjelio huntan ikusten da inkarnazioa zein nekez sinetsizko gertakaria den.
Bertzeak iduria zen gizon hori, Jainko zen! Bakarrik zerutik eman graziak gaitzazke ekar horren
sinesterat.
Norbeit espantuka ari delarik, „nik hau egin, nik hori egin“ erraiten da : hortarik aski!
Jesusen denborako jendeek ere holako zerbait erraiten zuketen Jesusez. Etxekoek zioten “ Burua
galdua du!“ Jesusen solasak, guk normalak kausitzen ditugu, bainan konturatzen ote gira noradino
doazin ?