LOIOLAKO SAN IGNAZIO (2015-07-31)
SARRERA
Senideok, Loiolako Ignazio santuaren eguna ospatzen dugu gaur. Iruñeko zauritik sendatu, Loiolatik atera eta munduan ibiltari ibili ondoren, Parisen egonkortu zen neurri batean. Han lagun batzuk egin zituen. Tartean Xabierko Frantzisko. Iñigo izena utzirik, Frantzisko izena hartu zuen.
Egonkortu egin zela esan dugu, neurri batean. Baina urrats gehiago egin behar izan zuen Erroman erabat egonkortu arte. Han gauzatu zuen bere bizitzako egintzarik handiena. Jesusen Lagundia sortu zuen.
Mila bostehun eta berrogeita hamaseiko uztailaren hogeita hamaikan eman zuen azken arnasa. Apal eta era anonimoan. Ordurako baziren mila jesuita. Munduko zoko guztietan banatuak. Pixkana-pixkana jakingo zuten Ignazioren heriotzaren berri. Hitz hauek bidali zizkien Polanko aitak: «horrelako egoera batean Jainkoaren zerbitzari batzuek egin ohi dutenaren kontra, ez gintuen deitu bedeinkazioa emateko, ez bere ondorengoa nahiz bikarioa izendatzeko, ez Konstituzioak itxitzat emateko, ez beste inolako agerpenik egiteko. Hau nahi zuen soilik: Lagundiak bere konfiantza Jainkoagan bakarrik jar dezala. Eta horrela igaro da beste mundura, munduko gainerako jendeak egin ohi duen moduan…».
Loiolako Ignazio bakarrik joan zen mundu honetatik, hogeita hamalau urte lehenago Loiolatik, hobeto esan, Errioxatik bakarrik irten zen bezala. Hona Ignazioren bizitzako ikurra, Lagundiari ere eman ziona: «Jainkoaren aintzarik handienerako». Aintza hori benetan gauzatzeko, gizadiaren zerbitzura jarri zuen bere bizitza eta gizadiaren zerbitzura jarri berak fundatutako lagundia. Erregutu diezaiola, orain, zerutik Aita Jainkoari lagundi horren eta mundu osoaren alde.
LEHENENGO IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (30,15-20) (“Irakurgaiak” liburuan 253. or.)
Biblian Jaunak hainbat aldiz aipatzen ditu gizakiak dituen bi bideak. Biziaren edo heriotzaren bidea, zorionaren edo maldizioaren bidea. Esaten digu: nik proposatutako bidea hartzen baduzue, biziko zarete, iritsiko duzue zoriona, iritsiko zarete agindutako lurraldera.
Loiolako Ignaziok ere bere modura agertu digu ideia hori bera bere Gogo Jardunak liburuxkan: «Bi banderen meditazioa; bata Kristorena, gure Jaun eta buru denarena; bestea, Luziferrena, gure giza naturaren etsai handiarena» [136]; «nola Kristok guztiei dei egiten dien eta denak bere banderapean nahi dituen; eta Luziferrek, alderantziz, bere banderapean» [137).
Senideok, Jesusen aukera egitea da kontua; baina, Loiolako Ignaziok egin zuen bezala, aukera hori modu erabakitzailean eginez, egiaz eta borondate sendoz eginez.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (10,31─11,1)
Entzungo ditugun hitzak, Paulok kristau-askatasuna proposatuko digun sailekoak dira. Kristau-askatasun hori, esan digu Paulok, ez da bizi behar gauza indibidual huts bezala, baizik elkarte-jarrera biziz. Senide arteko maitasunak gidaturik bizi behar da askatasun hori.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (9,18-26)
Jesusek galdetu die ikasleei: «Zein naiz ni zuen ustez?» Pedrok erantzun biribila eman dio. Halere, Jesusek badaki erantzun horretan ez dela ageri bere zoria zein izango den. Eta, ondoren, ikasleen burua argitu nahiz, hil egingo dutela esan die, baita nola hilko duten ere.
Jesusen zoria ezaguturik, atera dezakegu gurea ere zein izango den. Lisieuxeko Teresa Txikiaren hitz hauek argigarri ditugu: «Maitasunez bizitzea ez datza Tabor mendian etxola bat eraikitzean; Jesusekin kalbariora igotzea da, gurutzea altxorrik handientzat hartzea da». Apal baina pozik bizitzea da gurutzea hartze hori; besteen biziagatik bizia ematea da; besteen onerako ondasun eta erosotasun gutxiagorekin bizitzea da.
HERRIAREN OTOITZA
1.Euskal Herriaren alde: Ignazioren urratsei jarraituz, eta haren erregua dela bide, aurkitu dezagula bakearen bidea, askatasunaren, maitasunaren eta zorionaren bidea. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Eliza osoaren alde: bere barruan eredu izango diren pertsonak sortzen eta egiten saia dadin, Loiolako Ignazioren garaian izan ziren bezala. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobreen alde: aurki ditzatela, Ignazio izan zen bezala, pertsona erabat emanak pobreen egoera aldatzeari. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Ignazioren jaia ospatzeko elkartu garenon alde: ez gaitezela mugatu ohikeriazko erritu bat ospatzera; baizik eta izan dadila geure buruari astinaldi bat emateko modukoa. Eska diezaiogun Jaunari.