GORAZARREA
Eguberrialdia
JAINKO ONBERA ETA ERRUKIZ BETEA
GORAZARREA 2022-2023 Eguberrialdian egosia
Jatorrizko testua: Dionisio Amundarain
Kantatzeko moldaketa: Pello Esnal
Jainko errukiz betea zara,
zintzoa eta onbera,
zeuk jarria dut barru-barruan
zeureganako joera.
Hau da egarri hondogabea,
aseezina sobera,
alditan ezti gozoa baina
sarri arantza minbera!
Jainko onbera eta errukiz neurri gabe betea,
zuk duzu itsatsi nire barnean, ezkutuan,
Sagarrondo batean sagarra eman beharra bezala,
zugana jo beharra itsatsi duzu, ur-egarria baino biziagoa,
zugan bilatu beharra nire betea eta osotasuna,
isuri gozo bezain mina, garratz ere izaterainokoa.
Nire egarri hondogabeak
zu zaitu sustrai jakina,
baina bi begi lausotuontzat
erabat ikusezina.
Zeure Semea ere bidali
zenigun gizon egina,
zerorren auto erretratua,
denean gure berdina.
Isuri eta joera, askotan jatorri ezezagunekoa
ene bista lausotuarentzat, berez jakina badu ere sorburua.
Zuk, ordea, ezin etsi erremedioa bilatu gabe,
eta, Aita, zeure errukizko argitasun biziaz
asmatzaile bihozbera eta argia bihurtu zara:
zeure Semea bidali diguzu haragi egina.
Zer asmatzaile harrigarria,
zer asmazio itzela!
Geroztik gure eskura dugu
zure argazki fidela,
inork ez dezan gehiago esan
ikusezina zarela
edota zure ikuspegia
ezin atzemana dela.
Asmatzaile egundokoa! Asmazioa ere zoragarria.
Jesus, haragizkoa, ikusgarria. Zeure auto erretratua,
itsuarentzat ere argia: zeure argazkia eman diguzu:
«Jauna, ikus dezadala», esan dio itsuak barne ikusmenez.
Inork ezin esan dezan ezin atzemana zarela,
inork ezin esan dezan ikusezin zarela.
Baina, halere, nahiago dugu
segi Kainen jokoan:
anai-arrebak jo eta hiltzen
hitz dotoreen zokoan;
ai zenbat bitxi sartzen ditugun
beti eske den kolkoan,
zureganako joera hori
aseko dugulakoan!
Baina, baina… zenbat eta zein Kain anker garen,
anaiaren hiltzaile: Jesus gure anaia bera hil baitugu,
Nazaretekoa bezala, gurekin bizi den hainbat eta hainbat
anai-arrebaren hiltzaile baikara, «nork jarri nau ni
nire anaiaren, nire arrebaren zaintzaile» esanez,
zuk, Aita, itsatsitako isuria eta joera isilduko dugulakoan..
Zuk Espiritu Santua ere
bidali diguzu horra,
berriro ere goza dezagun
geure baitako altxorra;
bereiz ditzagun zoritxarrera
daraman bide elkorra
eta zorionbidean jartzen
gaituen lur emankorra.
Orduan ere, ordea, hartarainoko gure gogozko
itsutasunaren aurka, zeugandik eta Semeagandik den
Espiritu Santua bidali diguzu, samurtasunez,
argiago egiteko geure zori txarra, geure kalterakoa,
eta, ikusteko, bideragarri dugula zuk ezarritako
jatorrizko zinezko giza zorira itzultzeko bidea.
Ama bat ere eman diguzu.
Hori da eman beharra:
Semea eta Espiritua
eta ama hain gutarra!
Badugu zeinek lagundu eta
zeinek xukatu negarra.
Ez da galduko basamortuan
gizakion deiadarra.
Zeure barne isuri bizigarria ez ezik,
zeure Semea maitasun ezin imajinatuz bidaltzeaz gain,
zeugandik eta Semeagandik den Espiritua emateaz aparte,
ama bat eman diguzu, Semearen ahoz gurutzetik esana:
«Horra zeure semea», «Horra zeure ama».
Zure Semea munduratu zuena bera: Hau handitasuna gurea
Zu, Aita, bihozbera, nahikoa ez eta,
zure Semea, gure anaia, gure neba nahikoa ez eta,
biongandik den Espiritu Santua nahikoa ez eta,
zeuk gure barnean itsatsitako ama baten beharra
asetzeko, ama eman diguzu, giza bihotza adoretzen duena;
Aita, Anaia, Espiritua eta ama; bakartasun-konplexuen uxatzailea.
Andre Maria, ama zaitugu,
Jesusek berak emana.
Hura bezala Espirituaz
sortu gaituzu zuk, ama.
Zein gozoa den, zein amultsua,
zure begien laztana!
Zuri begira samurtu ohi da
gure bihotzeko zama.
Andre Maria, ama zaitugu, Jesusek emana,
haragiz eta fisikoki ez bazara ere,
zeruko Aitak eta Semeagandik den Espirituaz
sortu gaituzu zuk, ama, era misteriotsu bezain zinezkoan,
Jesus zeure Seme kutuna, gure Askatzailea,
Aingeruak esanda, sortu zenuen bezala.
Aita, Semea, Espiritua,
aintza eta gorespena!
Zuek zarete gure sorburu,
zuen ispilu da dena:
natura, Aita, zure irudi,
gizakia Jesusena;
Espirituak geure baitan du
oihartzunik ozenena.
Doakizue Aita kreatzailea, Seme salbatzailea
eta Espiritu Santu argitzaile eta barne astintzailea,
nire aintza eta gorespena, gogoz, hitzez eta ekintzaz;
ezagut dezala munduak, Aita, zure eskua naturan;
aitortu zaitzala gizadiak, Jesus, goraki eta lotsarik gabe;
eskertu dezala jendeak, Espiritua, zure barneko mugida bizigarria. AMEN,
(Dionisio Amundarain, 2022-2023ko Eguberrialdia)
Oharra. Bi doinu erabiliz daude moldatuak bertsoak: «Birjina maite» doinuaz zortzigarren bertsoa, eta «Gaueko izar argitsuena» doinuaz beste guztiak. Bigarren doinu horren ordez, beste bat ere erabil daiteke, aukeran, bertso guztientzat: «Haurtxo txikia negarrez dago», esaterako.