San Mateok dakarren Nekaldiari iruzkina (Erramu igandea 2020-04-05)
Segidan zer eskaintzen dudan;
Ez da iruzkin deboziozko bat, Joan Sebastian Bach-en San Mateoren araberako Nekaldiaren tankerakoa; hartan, korua eta bakarlariak tartekatuz doaz ebanjelio-testuan beren afektuak eta sentimenduak. Ebanjelioak ez dira idatzi jarrera horrekin, baizik eta egundoko soiltasunez. Nahiz eta gehiegi esatea den Nekaldiaren kontakizunak Jesusen arerio batek idatzia dela ematen duela, ez zaie nabari inoiz ere ebanjelariei sentimentalismoa sustatu edo faboratzeko asmorik.
Ez da iruzkin historiko huts bat ere, gertatu zena berreraiki nahiko lukeena, lau ebanjelioetan oinarrituz. Jesusen jendaurreko bizitzako beste une batzuetan gertatu ohi denez, ebanjelioak ez datoz bat nekaldiaren xehetasun guztietan.
Zehazki esateko, Mateoren ebanjelioak ez dakartza Lukasengan ageri diren hiru pasadizo: Jesus Herodesen aurrea (Lk 23,6-12); Jesus eta emakumeak Jerusalemen (Lk 23,27-31); bi lapurren jarrera (Lk 23,39-43). Bestetik, Mateorengan hiru pasadizo ageri dira Lukasek eta Markosek ezagutzen ez dituztenak: gurutziltzatu aurreko iragarpena (26,1-2); Judasen azkena (27,3-10); hilobiko guardiak (27,62-66).
Gainera, bat etorri arren, xehetasun nabarmenak ageri dira ebanjelioen artean. Adibidez, ebanjelioetako bakar batek ere ez dakartza Jesusen gurutzeko «zazpi hitzak». Markosek eta Mateok bat bakarrik dakarte: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu eskutik?» (Mk 15,34; Mt 27,46). Lukasek hiru dakartza: «Aita, barka iezaiezu…» (Lk 23,34); «Gaur nirekin egongo zara paradisuan» (Lk 23,43); «Aita, zure eskuetan uzten dut neure espiritua» (Lk 23,46). Joanek beste hiru: «Andrea, hor duzu zeure semea… Hor duzu zeure ama» (Jn 19.26); «Egarri naiz» (Jn 19,28); «Bete da dena» (Jn 19,30).
Honek guztiak azaltzen digu, ebanjelarien asmoa ez dela izan gurutzean gertatu den guztia xehek berregitea, baizik eta nork bere ikuspuntua, Jesusen heriotzaren zentzuaren interpretazioa eta Jesusen azken jarrera aurkeztea.
Azkenik, ez da nire hau iruzkin oso-osoa. Eszena nagusienei lotuko natzaie, batzuk alde batera utziz.
Mateoren kontakizuna zazpi ataletan bana dezakegu, abiapuntutzat, eszena desberdinak gertatzen diren lekuak hartuz. 1) Aitzinsolasak. 2) Pazkoa. 3) Olio-mendia. 4) Kaifasen etxea. 5) Pilatoren aurrean. 6) Golgota mendian edo Kalbarioan. 7) Hilobia.
I. AITZINSOLASAK (26,1-16)
Lehen atal hau lau gertaera laburrek osatzen dute: Jesusek bere gurutziltzatzea iragarri (26,1-2); agintarien konplota Jesus erailtzeko (26,3-5); Betanian ukenduz igurtzia (26,3-13); Judas tratuan agintariekin (26,14-16). Mateok Markosi jarraitzen dio funtsean, baina bi aldaera garrantzizko sartuz. Lehen gertaera gehituz eta azkena era berezian fokatuz.
Jesusen kontzientzia nekaldira doalakoaz
2
Markosek, Jesus erailtzeko agintariek bat egin dutela esanez hasi du kontaera. Mateok, berriz, Jaunaren hitz batzuk eman ditu aurrez, azaltzen dutenak zer gertatuko zaion badakiela. Xehetasun hau funtsezkoa da Jesusen nekaldiaren eta heriotzaren zentzua ulertu nahi bada. Jesus ez dabil gainera datorkionaz konturatu gabe. Gertatuko zaionaren jakitun da. Iragarria zuen hori, jadanik, bere bizitzan barna. Beste behin baietsi du orain, gertatzekoak hurbiltzen ari direnean.
Aldi berean, hitz hauek Jesusen erabakia adierazten dute: bere zoria onartzen duela. Eskuarki, zoritxar bat gertatuko zaiola dakienak eginahalak egiten ditu hura ekiditeko. Jesusek, ez. Aurrez esana egiaztatze hutsera mugatu da Mateoren kontaeran. Kurioski, Mateok ahoan jarri dizkion hitzek ez dute aipatzen piztuerarik, ez dute joerarik xehetasunak kontatzeko. Funtsezkoari atxiki zaizkio: gurutzeko heriotza.
Judasen saldukeria
Laugarren gertaera: Judasek saldu egin du Jesus (26,14-16); garrantzizko ñabardurak ditu Mateorenean. Markosen arabera, Judas apaizburuengana joan da Jesus eskura emateko, baina ez du ordain-saririk eskatu; apaizek diote dirua eskaintzen. Mateorengan, hasieratik dabil Judas sari bila, eta apaizek hogeita hamar monetatan finkatu dute.
Zergatik erreparatu die Mateok ñabardura hauei? Bi arrazoirengatik, esango nuke. Lehena, Mateoren ebanjelioan nabari dugun mentalitate profetikoarkien bat datorrena: aberastasun-grinak eragiten duen ustelkeria salatzeko. Profeten testu askok uzten dute, argi eta garbi, Quevedoren esaldi honen balioa: «zaldun boteretsua da On Dirua». Jende guztiak saltzen dio bere burua diruaren botereari. Eta asko dira handinahiaren biktima. Eta biktima-zerrenda horri Jesus gehitzen zaio orain. Ereilearen parabolak esaten zuen «diru-goseak ito egiten duela Jainkoaren Hitza eta agor gelditzen dela». Orain ageri da, ez duela egiten ito bakarrik, baita erail ere.
Baina, honekin batean, gertaera honetan beste zerbait ere ikusi nahi izan du Mateok: Itun Zaharrean iragarritako zerbait, iragarpen berri bat. Xehetasun honek zerikusi handia du Judasen heriotzaren gertaerarekin; bere garaian komentatuko dut.
II. PAZKOAREN OSPAKIZUNA (26,17-29)
Bigarren atal hau hiru gertaerak osatzen du: Pazkoaren prestaera (26,17-19), Judasen saldukeria iragartzea (26,20-25) eta Eukaristia eratzea (26,26-29).
III. OLIO MENDIAN (26,30-56)
Hiru gertaera nagusik osatzen dute atal hau: ikasleen saldukeria iragartzea eta Pedroren ukoa (26,31-35), Getsemani baratzeko otoitza (26,36-46), Jesus atxilotzea (26,47-56).
Bigarren gertaerakoan (Getsemaniko otoitza), Mateok Markosi jarraitzen dio, aldaera txiki batzuekin. Autore bien kontakizunean ez da ageri, ez odol-izerdirik, ez aingeru kontsolatzailerik; Lukasek bakarrik aipatzen ditu horiek biak. Kontaera ez da mugatzen gertatua kontatze hutsera, baizik eta balio pedagogiko handia du kristauentzat.
3
Ebanjelioan, oro har, oso gutxitan aipatzen dira Jesusen sentimenduak; atentzioa ematen du oraingo honetan sentimendu hori horrenbeste azpimarratu izanak. Kinka honetan bakarrik esaten da Jesus tristurak eta larriak hartu zutela, Jesusek berak ere aitortu duelarik. Kinka honetan, ez doa ihesi, ez fisikoki, ez psikologikoki, baizik eta otoitzean babestu da. Markosek dio hirutan egin zuela otoitz, Pedrorekin egindako solasek etenak zirelarik, baina lehenengoan bakarrik ipini ditu hitzak Jesusen ahoan. Mateok lehen bietako edukiak adierazi dizkigu. Lehen otoitzaldian, hauek dira Jesusen hitzak: «Aita, ahal bada, urrundu dadila nigandik kinka hau. Halere, ez dadila gerta nik nahi dudana, baizik eta zuk nahi duzuna». Bigarrengoan, hauek dira hitzak: «Ene Aita, kinka hau ezin bada pasatu nik jasan gabe, egin bedi zure nahia».
Ñabardura-alde handia nabari da. Lehen otoitzaldi horretan, ematen du, Jesusek sumatzen duela artean heriotzatik libre irteteko ahalbidea: «ahal bada». Bigarrengoan, ematen du, jakitunago dela ez dela beste aterabiderik: «ezin bada pasatu». Eta, kasu bietan, ororen gainean dagoena Jainkoaren nahia onartzea da: «ez nik nahi dudana, baizik eta zuk nahi duzuna», «egin bedi zure nahia». Jesusen jarrera hau bikain ahokatzen da Gure Aita-ko hirugarren eskariarekin, ez testuinguru generiko batean, baizik eta inguruabar zehatz eta oso zail batzuetan.
Dudarik gabe, ebanjelariek Jesusen otoitz honetan guk geuk geure bizitzako kinka zailetan izan beharko genukeen jarrera islatu nahi izan dute, eta otoitzaz Mendiko Hitzaldian ageri diren hitzak ulertzen lagundu. Mendikoan esaten da: «Eskatu eta emango dizue Jainkoak, bilatu eta aurkituko duzue, jo atea eta zabalduko dizue… Izan ere, zuek, zareten bezain gaizto izanik, zeuen haurrei gauza onak ematen badakizue, zenbatez gehiago ez die emango zeruko zuen Aitak eskatuko diotenei»? Hitz hauek, oker harturik, pentsaraz dezakete eskatzen diogun on guztia (eta ontzat guk erabakitakoa) eman behar digula Jainkoak. Jesusen Getsemaniko otoitzak irakasten eta erakusten digu zerbait onik begiz jotzen itxuraz zorakeria den baten azpian ere, hala nola sufrimenean eta heriotzan.
Honen guztiaren hondoan misterio ezin ulertu bat dago: Jainkoaren borondatearena, gure gustuekin, Jesusenarekin berarenekin ere, erraz ahokatzen ez dena. Honek Jainko krudel baten ideia ekartzen ahal digu burura, Jesusen sufrimenarekin eta heriotzarekin gozatu eder bat hartuko balu bezala. Erabat besterik da egia. Kontua ez da Jesusen sufrimena eta heriotza gustura hartu izango dituen Jainko batena; kontua da, Jesusek erabat egin behar izan duela bat gure zoriarekin. Sufrimena eta heriotza ezin ekidinak dira gure bizitzan. Guztiok sufritzen dugu, gutxi-asko. Eta guztiok dugu jasan beharra heriotzaren kinka. Horiek horrela, Jesus, bizi izan duen esperientzia bizi izan ez balu, ez zen iritsiko inoiz ere gu erabat ulertzera, eta ez genuen inoiz ere sentituko berarekin bat ginela. Zentzu honetan, beharrezkoa zen Jesus hiltzea, eta zentzu honetan bakarrik nahi izan du Jainkoak Jesusen heriotza.
Indarkeriaren aurkako hitzak
Hirugarren gertaeran ere (Jesus atxilotzea) hurbiletik jarraitu dio Mateok Markosi, 16,52-54an salbu, Mateok bakarrik baitakar pasarte hau. Ezaguna da eszena. Judas agertu da apaizek eta senatariek bidalitako guardiekin, eta musu eman dio (zeini hitz anbiguoz erantzun baitio Jesusek Mateorenean; Markosenean ezer ez; gaitzespen bistakoa Lukasenean: «musu batez eman behar al duzu Gizonaren Semea?»), atxilotu
4
dute, eta Jesusekin dagoen batek apaiz nagusiaren zerbitzari bat ezpataz zauritu du belarria moztuz.
Hemen ditu tartekatzen Mateok bere txatal propioak; indarkeriaz ikasleei emandako irakaspen dira, baina indarkeria berezi batez ari da, Jesus defendatzeko egin ohi denaz. Lehenik eta behin, giza ikuspegitik oso arriskutsutzat salatu du indarkeria: «ezpataz eraile, ezpataz hila». Gainera, kasu honetan, indarkeriara jotzeak eragotzi egingo luke Liburu Santukoa betetzea. Kuriosa da irakaspen hau Mateoren ebanjelioan bakarrik azaldu izana; nonbait, adierazi nahi du problema guri-guri zegoela beraren elkartean. Juduen erasoen eta kritiken aurrean, batzuek indarkeriara jotzeko eskubidea zutela sentitzen zuten, nonbait, Jesusen «eskubideak» defenditzeko. Ezta kasu honetan ere, hain arrazoizkoa ematen duen arren, da zilegi indarkeriaz jokatzea.
IV. KAIFASENEAN (26,57-75)
Bi gertaerak osatzen dute atal hau: auzia Sanedrin edo Biltzar Nagusiaren aurrean eta Pedroren ukoak.
Biltzar Nagusia
Auziari ekin aurretik, esan dezadan zerbaitxo bat Biltzar Nagusiaz. Jesusen garaian hiru taldek osatzen zuen: zaharrek (aristokrazia laikoa ordezkatzen zuten), apaizburuek (antzinako apaizburuak eta berauen familiak) eta lege-maisuek (gehienetan fariseuen alderdikoak izaten ziren). Biltzarkideak 71 ziren. Beren aginpidea, Jesusen garaian, berezko Judeako hamaika barrutietara mugatua zuten.
Eskumena. Biltzar Nagusiaren eskumena zen arlo guztietako erabaki judizial eta neurri administratiboak hartzea, beheragoko auzitegiei zegokiena eta erromatar gobernariak beretuak zituenak salbu. Biltzar Nagusia, ororen gainetik, azken instantzia zen judu-legearekin zerikusia zuten gaietan. Beheragoko epaimahaiak ados jartzen ez ziren kasuetan, zegokion jendeak jo zezakeen Jerusalemgo Biltzar Nagusira.
Erromatar nagusitza gorabehera, Biltzar Nagusiak burujabetza-maila nabarmena zuen. Judu-legearen araberako jurisprudentzia zibila izateaz gain, maila nabarmenean parte hartzen zuen justizia kriminalaren administrazioan ere. Polizia-indar independentea zuen eta, ondorioz, atxilotzeak egiteko eskubidea. Epaitu zezakeen, heriotza-epaia salbu. Eztabaidatzen da, judu-legeak aurreikusitako heriotza-epaiak gauzatzeko eskubiderik ote zuen, aipatu epaia erromatar gobernariak baietsi gabe. Biltzar Nagusiak zuen mugapenik seriosena beste hau zen: erromatar agintariek une jakin batzuetan eskubidea zutela beren ekimenez eta independente jokatzeko.
Batzarraldiak. Jai-egunetan ez zen izaten batzarraldirik; askoz gutxiago larunbatetan. Kasu kriminaletan auziaren biharamuna arte epairik ezin eman zenez, halako kasuak ez ziren juzgatzen larunbat edo jai-bezperetan. Ezin zehaztu da Misnáko zertzelada hauek guztiak Jesusen garaitikoak ote ziren. Auziak eguneko orduetan bakarrik egiten ahal ziren (beraz, Jesusena aurretiazko ikerketa soil bat izan bide zen).
Batzarkideak zirkulu erdi bat eratuz esertzen ziren. Beraien aurrean epaimahaiko bi idazkari jartzen ziren, bata eskuinean, bestea ezkerrean. Epaileen aurrean hiru ikaslelerro egon ohi ziren. Akusatuak jarrera apala hartu behar izaten zuen, ilea harro eta
5
arropa beltz. Heriotza-zigorra izan zezaketen kasuetarako forma bereziak zeuden ezarriak. Auzialdia defentsaren argudioz hasi behar izaten zen, segidan akusazioaren alegatua etorri ohi zen. Akusatuaren alde hitz egina zen pertsona ezin atera zen ondoren beraren aurka; alderantzizkoa zilegi zen. Ikasleek alde hitz egin zezaketen, baina ez aurka.
Absoluzio-epaia auzia egina zen egun berean eman behar izaten zen; gaitzespenekoak, berriz, biharamunera atzera behar izaten ziren. Botoa ematen epaimahaiko gazteena hasten zen; halere, heriotza-zigorra jokoan ez zegoenean, eskarmentu handiena zuenari zegokion botoa ematen hastea. Absoluzio-epaietan aski izaten zen gehiengo soila; gaitzespen-epairako gehiengoa gehi bi behar izaten zen gutxienez. Hamabik aldeko botoa eta hamaikak aurkakoa ematen zutenean, akusatua aske gelditu ohi zen. Hamabi kontra eta hamaika alde zirenean, bi epaile gehiago jarri behar izaten ziren, absoluziorako edo kondenarako behar zen kopurura iritsi arte. Eman zitekeen epai-kopururik handiena 71koa zen.
Jesusen auzia
Lehen gertaera bi albiste laburrez hasten da. Lehena Jesusez, Kaifasenera eraman dutenaz (26,57); bigarrena Pedroz, Jesusi jarraitzen baitio (26,58). Segidan, auzira pasatuko da kontaera zuzenean. Auziaren kontaeran bi zati bereiz ditzakegu. Lehenengoan, sasi-lekuko asko aurkezten dira, zeinen testigantzak ez baitu balio ezertarako eta askatu gabe geldituko da problema. Bigarrenean, apaiz nagusiak hartu du hitza eta berak dio galdeketa egiten eta berak akusatzen, eta Batzar Nagusi osoaren gaitzespenaz bukatuko da.
Lehen zatia Jesus kondenatzeko ahalegin lotsagabea izan da, zehazten ez diren salaketak oinarritzat hartuz, harik eta bi lekukok adierazten duten arte: «Honek esan du suntsi dezakeela Jainkoaren santutegia eta berregin hiru egunean». Daitekeena da hitz hauek edo antzeko beste batzuk Jesusek jaulkiak izatea bere bizitzako uneren batean; kurioski, gurutzean agertuko dira berriro (Mt 27,39-40), eta San Joanek ere aipatzen ditu, zentzu alegorikoan bada ere (Jn 2,19). Pertsona normal batentzat, Jesus zorotzat emateko bakarrik balioko lukete hitz hauek. Halere, epaimahai «espiritualak» zorakeria baino zerbait larriagorik hauteman zezakeen hitz hauetan: bere buruari jainkozko aginpidea eta ahalmena egotzi nahi izatea; izatez, horixe egin du Kaifasek (Markosen formulazioan, akusazioa argiago eta larriago ageri da: «Suntsi dezaket santutegi hau giza eskuz eraikia eta berregin hiru egunean beste bat giza eskuz egin gabea»).
Salaketa hauen artean, Jesusen isiltasuna nabarmendu du Mateok, Kaifasek bere burua defenditzera gonbidatu duenean ere. Berriro ageri da Yahveren Zerbitzariaren irudia: «hiltegira daramaten ardia bezala, mutu zen eta ez zuen ahora irekitzen» (Isaias 53).
Orduan, Kaifas bihurtu da auziaren zuzendari. Ñabardura politikoz kutsatua da beraren galdera, eta, sakon ulertzeko, zerbait jakin beharra da pertsonaia honetaz. Mende honetako judu batek, Josef Klausnerrek, dio: «Kasik hemezortzi urtez apaiz nagusi izanak, beraren aurrekoak, Gratoren garaian, urtebete baino gehiago izan ez zirelarik, frogatzen du diplomatiko trebea zela eta ezagutzen zuela nola tratatu bai herria, bai erromatar gobernaria. Honelako gizon batek beldurra zion dudarik gabe
6
“Mesias” berri bati; izan ere, saduzearrek oro har ez zituzten gustuko mesiastar ideiak, berauen eragin asaldatzaileagatik eta ordena publikorako berekin zuten arriskuagatik».
Kaifasen galdera era solemne honetan aurkeztu du Mateok: «Jainko biziarengatik eskatzen dizut: Esaguzu zinez zu al zaren Mesias, Jainkoaren Semea?». Guk garrantzi berezia eman diezaiokegu bigarren tituluari: «Jainkoaren Semea»; baina ez da lehenengoaren berariazko adierazpena baizik: «Mesias», antzinatean «Jainkoaren seme» titulua» erregeari eman ohi zitzaion bezala.
Jesusen erantzuna, Nueva Biblia Españolaren itzulpenean ematen duena baino anbiguoagoa da. Markosek Jesusen ahoan «Neu naiz» jartzen duen bitartean, Mateok dio: «Zeuk diozu». Eta Jesusek Gizonaren Semeaz hitz egiten jarraitu duenean, hirugarren pertsonan aritu da, bere burua pertsonaia horrekin berariaz bat egin gabe.
Halaz guztiz, Kaifasek atzeman du edota atzeman nahi izan du Jesusen hitz horien asmo sakona, eta biraolaritzat eman du. Bonnarden arabera, «onartu behar da ezen, hondo-hondoan, Jesusen usteak birao zirela judu ortodoxoen belarrietarako, hainbat gehiago non ezerk ez baitzuen agertzen Jesusen pertsonaia ezdeus hartan mesiastar duintasunik, garai hartan Mesias hartu ohi zen moduan».
Heriotzara kondenatu ondoren isekak eta burlak etorri dira. Gai honetako hiru eszenetako lehena da. Mateo ez da luzatu Jesusen sufrimendu fisiko handienak deskribatzen (zigorkatzea, gurutziltzatzea); halere, arreta handia eskaini die isekazko eszena hauei: lehena Biltzar Nagusiaren kondenaren segidan; bigarrena Pilatok hiltzera kondenatu duenean, eta hirugarrena gurutzean. Gerta daiteke sufrimendu fisikoak baino gehiago sufrimendu moralak azpimarratu izan hori lehen kristauen egoerari dagokiona izatea, zeinentzat sufrimendu fisikoak baino arazo gogorrago baitziren bizi zituzten pertsekuzioak, irainak eta burlak.
Mateok, Markos zuzenduz, adierazten du Biltzar Nagusiko kide guztiek izan dutela parte iseka egiten, aurpegira listua botatzen eta kolpeka. Eta iseka hori bat dator testuinguruarekin. Jesusek Mesias dela uste duelako kondenatu badute, egin dezala Mesiasena, asma dezala orain zeinek jotzen duen.
Geldialdi bat egitea komeni zaigu, labur-labur hiru puntuz jarduteko: auziaren araugabetasuna ikuspegi judizialetik, Jesus kondenatzearen arrazoia eta Mateoren ikuspegi berezia.
1). Batzar Nagusiaren auziez orain arteko esandakoa kontuan izanik, araugabetasun asko nabari dira. a) batzarraldia gauez egin da, b) ez da izan defentsa-abokaturik, c) heriotza-kondena erabakia dago aldez aurretik, d) esaten da sasi-lekuko askok parte hartu duela; e) heriotza-kondena biharamunera itxaron gabe eman da.
Problema hauetako asko askatzen ahal lirateke batzarraldi hau arazoaren aldez aurreko bista soiltzat emanez. Benetako batzarraldia goizean egina izango litzateke. Eta onartzen badugu Jesusek bere azken afaria asteartean edo asteazkenean egin zuela, izango litzateke astirik aski araupeko auzi baterako, denborari dagokionez. Baina honek ez luke askatuko problema, ez sasi-lekukoena, ez kondenaren zuzentasunarena.
7
2). Jesusen kondenaren arrazoiak. Historia-zaletasunik duen pertsona batentzat, tamalgarria da ebanjelariek ez jaso izana Jesusen aurka jaulkitako akusazio-multzo hori. Faltsuak izan arren, oso interesgarri ziratekeen. Markosek eta Mateok aurkezten dituztenez, erlijioso soil izango ziren; Joanek, berriz, asko nabarmendu du ñabardura politikoa (ikus Jn 11,47-48: «Gizon hau mirarizko seinale asko egiten ari da! Horrela jarraitzen uzten badiogu, guztiek sinetsiko dute berorrengan. Orduan, erromatarrek etorri eta birrindu egingo dituzte bai tenplua, bai herria»). Halere, ñabardura politikoa ez da falta Markosen eta Mateoren baitan ere, baizik eta inportantzia berezia ematen zaio Kaifasek, Mesias ote den itaunduz, Jesusi egin dion galderari. Segur aski, juduagintariek pertsona arriskutsutzat zeukaten Jesus, ikuspegi erlijioso eta politikotik, bietatik, biak guk argiro ezin zedarritzeko moduan. Izatez, politika eta erlijioa gaur egun baino estuago kateaturik zeuden Israelen.
3). Mateoren ikuspegi berezia. Mateoren eta Markosen kontaerak erkaturik, nabari da, Mateok nekaldiko hainbat unetan azpimarratu duela judu-agintarien erruduntasuna. Hona xehetasun horiek, gertaera batzuk aurreratuz: a) Markosek dio Biltzar Nagusia Jesusen aurkako «testigantza» baten bila zebilela. Mateok gehitu du «testigantza faltsu baten» bila zebilela; Mateoren arabera, epaimahaia hasieratik beretik ageri da Jesusen aurka. b) Jesus Pilatogana eraman dutenean, Markosek dio agintariek «plan bat prestatu zutela», eta erromatar gobernariagana eraman zutela; Mateok dio «plan bat egin zutela Jesus heriotzara galtzeko». c) Judasek bere buruaz beste egitearen gertaerak, Mateok bakarrik dakarrenak, ere judu-agintarien zinismoa eta erruduntasuna azpimarratzen ditu, ikusiko dugunez. d) Pilatoren aurreko auzian, Mateok behin eta berriz adierazten du apaizen eta senatarien gogoa, Jesus erailtzekoa. e) Gertaera honen beraren bukaeran, Mateok 26,24-25 txatalak gehitu ditu, Jesusen heriotzan juduen erruduntasuna azpimarratzen dutenak.
Xehetasun hauek guztiek Mateoren ebanjelioan ikusiz joan garen zerbait baiesten dute: Jesusek juduekin izan duen egundoko polemika. Aldi berean, konturarazi gaitu ezen Mateo ez dela lekukorik inpartzialena Jesusen auziaren errealitate historikoa berreraikitzeko.
Halaz guztiz, juduak jainko-erailetzat kondenatzeko zuzengabekerian erori gabe, ezin izan gara hain sinple Kaifas eta lagunak santu-santutzat emanez. Auzi zuzengabeak lurralde eta garai guztietan izan dira, zuzenbidearen araurik oinarrizkoenak hautsiz. Oso arraroa izango zen Jesusenean antzeko zerbait ez gertatzea, jokoan zegoen akusazioak nazio guztia konprometitzen zuenean. Nolanahi den, ebanjelariek azaldu nahi dutena Jesusen heriotza-zigorra guztiz zuzenaren kontrakoa izan zela da. Eta honetan arrazoia behar diegu eman, nola eta ez dugun uste, beti eta edozein unetan, hobe dela pertsona bat herri osoaren izenean hiltzea.
V. JESUS PILATOREN AURREAN (27,1-31)
Atal luze hau bost gertaerek osatzen dute: 1) Jesus Pilatoren aurrera eramana (27,12); 2) Judasen heriotza (27,3-10); 3) galdeketa Pilatoren aurrean (27,11-14); 4) Jesus ala Barrabas (27,15-26); 5) soldaduen iseka (27,27-31). Mateok bakarrik dakar horietako bat: Judasen heriotza.
Judasek bere buruaz beste egin
8
Bigarren eszena (Judasek bere buruaz beste egitea) Mateok bakarrik dakar. Lau gauza nabarmendu nahi ditu ebanjelariak: Jesusen errugabetasuna, saldu duenak berak aitortua (27,4); Judasen tragedia, urkatuz hiltzea; apaizen zinismoa: ez dute eskrupulorik izan errugabe bat heriotza kondenatzeko, bai, ordea, dirua erabiltzeari dagokionez, profezia bat betetzeaz, alegia.
Ikuspegi historiko batetik, zail da onartzea Judasen hau Mateok kokatzen duen unean gertatu zela, apaizburuek eta senatariek Jesus Pilatoren aurrera eraman dutenean, alegia. Halaz guztiz, ikuspegi literariotik, gertaera oso ondo kokatua dago: Pilatok epaia eman aurretik; horrenbestez, Judasen testigantza aski izan zitekeen Jesus salbatzeko. Baina agintariek hartua dute jadanik beren erabakia.
Bestetik, Judasen heriotzaz Eginak 1,16-20 testuak dakarren bertsioa oso desberdina da Mateorenari dagokionez,
Galdeketa Pilatoren aurrean
Oso laburra da Pilatoren eszena hau (27,11-14). Galdera soil eta zuzeneko bat, erantzun argi batekin. Ondoren, Jesusen isiltasuna, bi bider nabarmendua (Markosenean behin bakarrik), agintariek salatu dutenean eta Pilatok behin eta berriz galdetzean. Eszena aski bitxi gertatzen da; batetik, Pilatok itxuraz zuzenbidez jokatzeko gogoa agertu duelako; bestetik, salatuak absoluzioaren alde ezertan laguntzen ez duenean Pilatok agertu duen pazientziagatik. Mateok geroago horren azalpen bat emango du: Pilatok bazekiela agintariek bekaizkeriaz jarri zutela Jesus bere eskuetan (27,18). Hipotesi hau onarturik ere, Pilatoren jarrera, bera bezalako pertsona batengan, ezagunezaguna bere zuzengabekeriengatik, honek bakarrik argitzen ahal luke: judu-agintariei aurka egiteko duen gogoa, ez batere harrigarria. Dena den, Mateoren ikuspegia errua judu agintariei ezartzea da, gertatuaren erantzukizun guztia beraiei leporatuz.
Jesus ala Barrabas
Mateoren ikuspegi hau bera ageri da laugarren eszenan, Barrabas ala Jesus aukeratu behar denean. Mateok eszena koherenteagoa eraiki du. Markosen arabera, Jesusen auzian ari direnean, beste talde bat azaldu da preso bat askatzea eskatuz, eta Pilato abaguneaz baliatu da Jesus salbatzen saiatzeko. Mateoren arabera, Pilato bera da ohitura honetan oinarritu dena, Barrabas ala Jesus aukeratzea planteatuz. Mateoren xehetasun propio bezala, Pilatoren emaztearen gomendioa daukagu: agerian jarri du emakume pagano honek izan duen agerpena Jesusen errugabetasunaz, ondorengo gertaeretan inolako eraginik izango ez badu ere. Berehala, segidan, Mateoren tipiko diren beste xehetasun batzuk dauzkagu, judu-agintariei errua botatzeko. Markosengan «apaizburuek jendea berotu zuten Barrabas libratzea eska zezan»; Mateo askoz gogorragoa da: «apaizburuek eta senatariek jendea konbentzitu zuten Barrabas aska zezan eta Jesus erail». Txatal famatuek (27,24-25) (Pilatok eskuak garbitu ditu, Mateorenean bakarrik) berriro nabarmendu dute juduen erruduntasuna, eta K.o. 70. urteko beren kondenaren sinadura-edo dira.
VI. KALBARIOAN (27,32-61)
Oso laburrak izango liratekeen eszena desberdin baino gehiago, laukia osatzen duten brotxakadak dauzkagu hemen. Multzoan, oinarrizkoak dira Jesusi Jainkoaren Seme
9
denez egindako hiru aipuak. Lehenik, handik igarotzen zirenak (27,39-40); gero, agintariak (27,41-43) titulu honetaz baliatu dira Jesusi burla egiteko; azkenean, erromatar kapitainak eta soldaduek aitortu dute: «Zinez, Jainkoaren Semea zen hau» (27,54).
Burlaka gurutzean dagoenean
Eta oinarrizko gertaera batera iritsi gara: gurutzean dagoela egin dizkioten burlak. Mateok eta Markosek, biek azaldu digute ikuskaria: guztiek, ikuskariari begira dagoen jendeak, agintariek, bi lapurrak barne, egin diote burla Jesusi. Baina Mateok gehigarri labur dakar («Jainkoaren seme bazara»); Jesusen azken tentazioen pasarte hau, Jesusen beraren bizitzaren hasierako tentazioen paralelo bezala ere irakur dezakegu Oraingo honetan, ordea,tentatzailea ez da Satanas, baizik eta jende arrunta eta egunerokoa.
Lehen tentazioa handik igarotzen den jende guztiarena da. Jesusek agertu duen tenplua suntsitzeko eta hiru egunean eraikitzeko ustean oinarritzen da; burlatzat hartzen duten zerbait da. Eta konkluditzen dute: «Jainkoaren Semea bazara, salba ezazu zeure burua eta jaitsi zaitez gurutzetik». Utz ditzala berritsukeriak, eta azal dezala bere ahalmena egintzez.
Bigarrena judu-agintariena da: apaizburu, lege-maisu eta senatari. Beste urrats bat gehiago esan nahi du, zeren ematen baitu aitortzen diotela besteak salbatzeko ahalmena. Baina ukatu egiten diote bere burua salbatzekoa. «Israelgo Erregea bada, jaitsi dadila gurutzetik eta sinetsiko dugu beragan».
Hirugarren tentazioa (Mateogan bakarrik) aipatu berria dugun alde honena berarena da, eta hondoenera iristen da: «Jainkoagan jarria zuen bere konfiantza! Jainkoak zinez maite badu, salba dezala orain, Jainkoaren Semea dela esaten baitzuen». Hemen zalantzan jartzen dena ez da Jesusen ahalmena, baizik eta Jainkoak maite omen duen uste soila. Tentazio hau da hondoenera iritsi daitekeena eta gainditzeko zailena.
Tentazio berri hauen aurrean, Jesusek ez du ezer erantzun. Hauetan ez da agiri Bibliako aipamenik, hasierako haietakoak bezalakorik, deabruaren iradokizunak gezurtatzeko erabili zituenak bezalakorik.
Jesusen hitzak gurutzean
Kanpoko giroa bera bihotzean gertatuko balitzaio bezala da: ilunaldi sakona seigarren ordutik bederatzigarrenera (eguerdiko hamabietatik arratsaldeko hirurak arte). Eta orduan Salmo 22.aren hasierako hitzak jaulki ditu: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu eskutik?» Zein zentzu dute Jesusen ahoan hitz hauek? Batzuek uste dute une horretan Jesusek esperimentatu duen tragediaren isla soil direla: bera bakarrik eta Jainkoak utzirik. Beste batzuek nahiago dute gauzak era hain dramatikoan ez hartzea. Hauentzat, Jesusek ez du adierazten inolako nahasmendurik, baizik eta Salmo 22.a otoizten hasi da, sufrimendurik ikaragarrienez mintzo den Salmoa, baina garaipenkantuz bukatzen dena.
Markosek eta Mateok, bakarrak Jesusen hitz hauek jasotzen, ez digute eman soluziobiderik. Bertakoen erreakzioa adieraztera mugatu dira; Markos baino era askoz logikoagoan Mateo.
10
Hau izan da lehen bi ebanjelariek kontatu duten azkena: Jesusek oihu handi bat egin zuela eta azken arnasa eman. Lukasek, bere «Aita, zure eskuetan uzten dut neure espiritua», eta Joanek, bere «Bete da dena» hitzekin, ematen du nolabaiteko laztasuna kendu nahi diotela Markosen eta Mateoren dramatikotasun ikaragarriari. Halaz guztiz, Markosen kontaeran, hiltzeko orduan Jesusek egin duen oihua beraren ahalmenaren froga bat da. Gurutzean zintzilik orduak daramatzan pertsona batek, nekez arnasa hartuz, ezin egin du oihu bat. Horregatik, ehuntariak, Jesus horrela hiltzen ikusirik, dio: «Zinez, Jainkoaren semea zen gizon hau». Mateok aldatu egin du multzoa, eta honengan Jesusen oihuak Markosek esandakoaren oroitzapen soil bat dela ematen du.
Markosen arabera, Jesus hiltzean gauza ikusgarri bat gertatu da: «santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik behera». Bukatzera doan mundu baten sinbolo da, ikusezina ikusgarri egitearena. Xehetasun honi, beste batzuk gehitu dizkio Mateok; arraro gerta dakizkiguke, baina balio sinboliko handia dute. Jesusen heriotza beraren ahuldadearen gailurra da. Ezin salbatu izan du bere burua. Eta ematen dut, halaber, Jainkoak eskutik utzi izanaren gailurra dela: ez du salbatu. Halaz guztiz, Jesusen heriotza benetako teofania bat izango da, ahalmenaren egundoko agerpen bat bi eremutan: naturan, lurrikara eta pitzatu diren arrokak direla medio; hildakoen eremuan, non gorputz asko piztu baitira eta hiri santuan agertu gero. Gertaera ikusgarri hauek nahasgarri gertatzen zaizkio irakurle modernoari. Baina antzinako juduen logikan sartzen dira. Ikus segidako testu hau, Jerusalemgo Talmudetik hartua:
«Rabi Aha hiltzean, izarrak ikusi ziren eguerdi-eguerdian. Rabi Hanan hiltzean, estatuak tolestu egin ziren, makurtuz. Rabi Yohanan hiltzean, irudi margotuak tolestu egin ziren, makurtuz… Rabi Janini de Berato Horon hiltzean, Tiberiades aintzira zatitu egin zen… Rabi Isaak ben Eliasib hiltzean, lurrera erori ziren Galilean dinbili-danbala zebiltzan etxeen ateburuak; esaten da, ordu arte eutsi bazioten, rabino haren merezimenduengatik izan zela. Rabi Samuel ben Isaak hiltzean, atera egin zituzten Lur santuko zedro arbolak… hiru orduz trumoiek eta tximistek zeharkatu zuten lurra, agurearen jokabide onaren testigantza gisa… Rabi Yassa ben Halafta hiltzean, Laodizeako errekastoak odolez bete ziren; esaten da, iradokitzen zuela rabino hark bere bizia arriskatu zuela erdainkuntzaren agindua betetzeko. Rabi Abahu hiltzean, Zesareako zutabeek negar egin zuten (Abodá Zará 3,1 Tratatua).
Hondoko ideia argia da. Jainkoaren harreman bereziak izan dituen pertsonaia garrantzizko bat hiltzen denean, beti gertatzen da gauza harrigarri bat. Kultur testuinguru honetan, begi-bistakoa gertatzen da ebanjelariek ezin kontatu izan dutela Jesusen heriotza xehetasun harrigarri bat gehitu gabe, pertsonaren garrantziaren adierazgarri eta beraren egintzaren transzendentziaren sinbolo izango dena. Kasu hauetan guztietan, garrantzia duena ez da kontatzen dena (fikzio hutsa), baizik eta adierazi nahi dena (gizon horrek Jainkoarekin izan dituen harreman bereziak).
Teofania honen aurrean, beraren zentzua atzeman dutenak ehuntaria «eta berarekin zeudenak» izan ziren.
Azken albistea bertan «urrunetik begira zeuden» emakumeei dagokiena da, eta Jesusen hilobiari dagokiona. Albiste honek biak ditu batera: hein bateko kontsolamendua eta hein bateko tragikotasuna. Kontsolamendua, presentziagatik;
11
tragikotasuna, urruntasunagatik. Bestalde, emakumeak kontaeran funtsezko garrantzia hartzen hasi dira: berak izango dira Jesusen heriotzaren eta piztueraren lekuko bakarrak.
VII. HILOBIAN (27,62-66)
Azken atal hau bi gertaera laburrek osatzen dute; bata Markosengan oinarritua (Jesusen hilobia) eta bestea Mateok bakarrik dakarrena (guardiak).
Guardiak hilobian
Bigarren gertaera hau, Mateok bakarrik dakarrena, juduen aurkako polemikan oinarritzen da, Jesusen piztueraren egiatasuna frogatzeko. Hemen bakarrik ageri dira fariseuak Nekaldiaren kontaeran.
AZKEN LABURPENA
1. Ikuspegi kristologikoa: Jesusek badaki nekaldira doala. 2. Ikuspegi juridikoa: auziaren zuzengabekeria eta judu-agintarien erruduntasuna. 3. Beste ideia teologiko batzuk: paganoak dira Jesusen errugabetasuna eta duintasuna hobekien atzeman dutenak: Pilatoren emaztea, ehuntaria gurutzearen oinean (Magoen bisitarekin parekatzen dena). Indarkeriara jotzearen arriskua.
José Luis Sicre