San Bernardo Clairvauxkoa

Orduen Liturgiako Bigarren irakurgaia

KANTARIK EDERRENA liburuari buruzko San Bernardo abadearen Hitzaldietatik
(83,4-6. Hitzaldia: Opera omnia, zistertar edizioa, 2(1958), 300-302)

Maite dudalako dut maite, maitatze hutsagatik dut maite

Maitasuna berez bakarrik da aski, berez bakarrik da atsegingarri eta bera dena delako. Beraren merezimendua eta beraren saria berarekin, maitasunarekin, identifikatzen dira. Maitasunak ez du beste arrazoi baten beharrik, ez du beragandik kanpoko arrazoiren beharrik, ezta inongo probetxuren beharrik ere; beraren fruitua, bera praktikatze hutsean datza. Maite dudalako dut maite, maitatzeagatik dut maite. Gauza handia da maitasuna, baldin eta bere hasierara eta jatorrira jotzen badu, beti bere iturburura itzultzen bada eta honen etengabekoa isuri edo emaria bada. Arimaren mugida, sentimendu eta afektuen artean, maitasuna bakarrik du sorkariak Kreatzaileari erantzuteko bide bakarra; nahiz eta hori maila oso apalean egin ahal izan, gauza bakarra Kreatzaileak ematen dionaren antzeko zerbaitekin itzultzeko. Hain zuzen, Jainkoak maite gaituenean, nahi duen gauza bakarra guk bera maitatzea da; berak maite bagaitu, guk bera maita dezagun da, jakinik maitasunak berak bihurtzen dituela zoriontsu elkar maite dutenak.

Senarraren maitasunak, hobeto esan, maitasun den Senarrak, trukean maitasuna eta leialtasuna nahi ditu soilik. Ez dadila gogortu eta atzeratu, beraz, maitatua dena Senarraren maitasunari erantzuten. Izan ere, uzten ahal dio emazteak maitatzeari, jokoan dagoena Maitasuna bera denaren emaztea denean? Gerta ahal daiteke, ez maitatua izatea esentziaz Maitasun dena?

Arrazoiz uko egiten dio arimak beste edozein afekturi eta eskaintzen dio bere burua era oso-osoan eta esklusiboan maitasunari, dakielarik maitasunari erantzuteko modu bakarra berak hura maitatzea dela. Izan ere, arima oso-osorik maitasun bihurtzen bada ere, zer da hori guztia, maitasun horren etengabeko iturburu denarekin alderatuz? Ez dira biak jario jariotasun ugari beraz: maite duena eta esentziaz Maitasun dena, arima eta Hitza, emaztea eta Senarra, Kreatzailea eta sorkaria; egarri denak eta iturburuak beren artean duten alde bera dute biek, sorkariak eta Kreatzaileak, beren artean.

Horiek horrela, ez al du inolako baliorik, inolako efikaziarik, ezkontza-desirak, antsiatzen duenaren antsiak, maite duenaren sugarrak, fidatzen denaren segurtasunak, ezin pareka daitekeelako gizandiarekin, ezin lehia daitekeelako gozotasunean eztiarekin, otzantasunean bildotsarekin, zuritasunean lirioarekin, dirdiran eguzkiarekin, maitasunean maitasuna bera den harekin? Inola ere ez horrelakorik. Izan ere, sorkariak, behekoagoa delako, gutxiago maite badu ere, halaz guztiz bere izate osoaz maite badu, ez zaio ezer falta beraren maitasunari, jokoan ipini duelako maitatzeko bere ahalbide guztia. Horregatik, arimaren erabateko maitasun hau eztei mistikoen pareko da, ezinezkoa baita horrela maite duena gutxi maitatua izatea, eta elkarrekiko maitasun honetan datza zinezko eta bete-beteko ezkontza. Beti ere kontuan izanik Hitza dela lehena arima maitatzen eta maitasun biziagoz maite duela Hitzak.

Erantzun-salmoa Sal 31,20; 36,9

R/.- Bai handiak, Jauna, * begirune dizutenentzat
gordeak dituzun ondasunak!
V/.- Zeure etxeko janari guriz asetzen dituzu,
zeure atseginen ibaian edanarazten.* Begirune…

Otoitza

Jauna, gure Jainkoa, Bernardo abade santua zeure etxearen antsiaz sutu zenuen, eta argizari sugar dirdaitsu bihurtu zeure Elizan; emaguzu, bera bitarteko dugula, beraren espiritu bizian partaide izatea eta bide egitea beti argiaren seme-alaba bezala. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta Errege baita menderen mendetan. Amen.