Jasokundea eta pandemia 2021-08-15
Bezperako arratseko meza
Eliza katolikoak egia bat dogmatzat eman ahal dezan, beharrezkoa da oinarri bibliko bat izan dezan. Andre Mariaren Jasokundearen kasuan ezinezko gauza da; izan ere, Itun Berriko testu bakar batek ere ez du kontatzen Mariaren, ez heriotza, ez jasokundea. Halaz guztiz, borondate honez mezu oso gaurko bat dator irakurgaietan, batez ere pandemia-aldi honetan. Bezperako mezakoetara mugatuko naiz, iradokizunezkoago gertatzen baitzaizkit.
Mariak merezi izandako saria (Lukas 11,27-28)
«Bedeinkatua zutaz erdi zen ama» esaerak badu Jesusen ingurumenean formulazio osoago bat: «Bedeinkatu zu eraman zituen sabela eta bularra eman zizuna». Aipatu esaera erditzeko uneari dagokio; emakume ezezagun batek Jesusi esan diona, berriz, haurdunaldia eta hazte-aldiko urteak ditu kontuan. Amaren gorputz osoak, sabel eta bular, jasotzen du bedeinkazioa.
Eta hau da jaiarekiko erlazioa: Mariaren gorputza eta arima, hain lotuak Jesusekin, aintzatu beharreko ziren, Jesus bera bezala. Atzera begiratzen badugu, Mariaren bizitza ez zen izan arrosa-bidea. Simeon agureak iragarria zion ezpata batek zeharkatuko ziola arima. Eta zeharkatu zion lehenengoa bere semea bera izan zuen, zeina hamabi urteko zela Jerusalemen gelditu baitzen gurasoei ezer esan gabe. «Seme, nolatan egin diguzu hau?» «Nire Aitaren gauzatan egon behar dudalako». Eta hori etengabeko sufrimendu bilakatuko da Mariarentzat, Jesusen jendaurreko jarduera hasiko denetik. Entzutea berari leporatzen ziotela: deabrudun, tripazain eta mozkor, lapurren eta prostituituen adiskide, biraolari…, azkenean era lotsagarrienean erailtzeko. Mariaren gorputzak eta arimak merezi zuten konpentsazio bat. Aintzatze horixe da gaur ospatzen duguna.
Gu guztion merezi gabeko saria (1 Korintoarrei 15,54-57)
Andre Mariaren zoria baliozkoa da gu guztiontzat, beste arrazoi batzuengatik bada ere. Paulok lehen bekatua aipatzen du: bizi-arbotatik ez jateko legeak eragin zuen bekatua, eta, ondorio gisa, heriotza. Baina horretatik guztitik liberatu gaitu Jesu Kristok, eta azken hitza ez du heriotzak, baizik eta hilezkortasunak.
Pandemia-aldi luze honetan guztian, zeinetan heriotza hain hurbileko bihurtu baita eta hainbat eta hainbat gorputzek sufritu baitute eta jarraitzen baitute sufritzen gaixotasunaren ondorioak, jasokundearen jaia bihotz emaile dugu eta kontsolamendu, jakinik «ustelkor hau ustelezinez jantzi dela, eta hilkor har hilezkortasunez».
Osagarri poetiko bat (1 Kronikak 15,3-4.15-16; 16,1-2)
Festaburu bateko mezak hiru irakurgai izan ohi ditu: lehena Itun Zaharrekoa. Gogoan izanik litanietan Andre Mariari Elkargoaren Kutxa (Foederis arca) esaten diogula, uste izan zuten, testurik egokiena jai honetarako, elkargoaren kutxa Jerusalemeko tenplura (artean eraiki gabe zegoen tenplua) eramatea deskribatu zuena izango zela. Era solemne eta alai bertsuan sartuko zen Andre Maria zeruan.
José Luis Sicre