ARIMAREN ALDAKUNTZA

Norbaitek nire ondoren etorri nahi badu.

Zoritxarrez asko dira euskaldunak kasik den-dena ezagutzen ez dutenak Loiolako Ignazioz, gure lurralde honetan jaio direnetarik handiena eta unibertsalena den gizonaz.

Eta, halere, zein on egingo ligukeen, gaur ere, iturri horietatik edatera hurbiltzeak. Hori etorri zitzaidan egun hauetan burura «Ignacio de Loyola, solo y a pie» (Loiolako Ignazio, bakarrik eta oinez) liburu ederra irakurtzean, duela bi urte [1990] J.L. Tellechea Idigorasek erregalu egin ziguna. Zaletasun egiazkoaz idatzitako orriak, zeinetan irakurleak parrastaka topatuko baitu «Kristau-jakinduria».

Ignaziok, Loiolako gazteluan beharturik bizi izan zuen gaixondoaz gero, bizi zuen «arimaren aldakuntza» gogoratu nahi dut soilik.

Biografoek dioskute Ignazio «pentsatzera gelditzen zela». Ez da gauza erraza izaten gelditzea asaldaturik eta barreiaturik bizi zarenean, mila asmo eta egitasmo amesten dituzula. Baina lehen urratsa da. Eta guztiz beharrezko urratsa, nork bere buruarekin eta Jainkoarekin topo egin nahi duenean.

Tellecheak dioenez, «zauriek ez dute inor bihotz-berritzen berek bakarrik». Ignazio «bere baitan pentsatzera» gelditu da. Bere bizitzaren balantze sakona egin du. Bere buruari zinez entzuteari eman dio.

Beraren arimaren baitan bi espiritu asaldatzen dira, «bata bestearen kontrakoak», eta tiraka ari zaizkio. Bere bizitzaren hutsunea sentitzen du eta bekatari dela aitortzen; alabaina plazeraren eta aintzaren erakarmena ere sentitzen ditu.

Jainkoa eta bera. Ongia eta gaizkia. Betiko bere ametsak eta oraingo bere bide berria, Jainkoari esaneko eta leial izatea. «Gogoeta batzuen ondoren tristura sentitu ohi zuen, beste batzuen ondoren poza».

Garaitu egingo du Ignaziok bere barneko zatiketa, Jainkoari berari kemena eskatuz: «beste xehetasuni erreparatzen gelditu gabe, soilik promes eginik Jainkoaren laguntzarekin egitea, haiek (santuek) egin zuten bezala».

Aldakuntza sakon bat hasi da gauzatzen Ignaziogan. Geroago, Cardoner erreka-ertzean, Manresatik ez urrun, gizon berri sentitu da. «Gauza berri iruditzen zitzaion den-dena…, bera ere beste gizon bat izango balitz bezala». «Gauza guztiak beste begi batzuez ikusten hasi zen».

Ignazio izan zen, dudarik gabe, gogo-jardunik lehenik egin zituena, eta bere bihotz-berritzearen esperientzia izango da beraren «Gogo Jardunak» obraren arima.

Ez dira asko gaur egun gogo jardunak egitera erretiratzen direnak. Halere, gauza gutxi izango du gizakiak osasungarriago egun batzuk eskaintzea baino bere buruarekin eta Jainkoarekin topo egiteari zinez emateko.

Jose Antonio Pagola