LOIOLAKO IGNAZIO SANTUA (2021-07-31)
Bere kixotetasunez bizi ispilu
Ignazio ameslari handia izan zen. Haren bihotzaren zeruertza itsasoen eta ozeanoen zeruertza baino harago iristen zen. Garai hartan ezagunak zituzten zoko guztietara eraman nahi zuen ebanjelioa.
Ignazio ameslaria zen, konbertitu aurretik jada. Lehenik eta behin, Loiolako bizipenak, artean gaztetxo, urruneko lurraldeak besarkatzeko irudimena eragin zion. Bazituen, bere arbasoen artean, lurraldeak konkistatzera jo zutenak.
Bigarren, Arevalon (Gaztelan), bizitzera hamasei urteko hara joan zelarik, erregearekin jarduten zuen jendeaz inguraturik bizi zen. Erregearen ametsa zen mundu guztiaz jabetzea. Ignazio, dominazio-eta anbizio-giro horretan bizi izan zen urte askotan.
Konbertsioak, aipatu sentimendu ameslari horiek beste xede batera gidatzera eraman zuen Ignazio: beste errege baten faboretan. Kanbio horrek normalki aitortu ohi zaion baino ahalegin handiagoa eskatu zion: bere «neu» hantuste eta posesiboa uztea, «neu» apal, pobre eta eskuzabala besarkatzea. «Ni zu naiz» besarkatzea esan nahi zuen horrek, edota «zu ni zara» besarkatzea. Kristo eta haren egitasmoa besarkatzea.
Ignazio militar, ez zen hainbesteraino. Bazuen armen ezagutzarik. Baina torneoak gustuko zituelako. Gainera, Arevalon ukan zuen pasadizo batek behartu zuen arma-baimena eskatzera. Hango jaun batek hiltzeko pertsegitzen zuen; baita, lan eta modus vivendi baten bila, hiri hartatik alde egin zuenean ere.
Errioxako Naiarako (Nájera) Dukeak egin zion harrera. Haren inguruan, jende asko ezagutu ahal izan zuen. Ezagutu zuen Iruñean bizi zuten problema ere. Nafarroakoa, ez zuen izan memento labur batekoa. Zauritua izan aurretik, nafarrak gaztelauen anbizio konkistatzailearen kontra jarriak zituen gatazka ezagutzeko adina eta gehiago bizi izan zen han. Sumatu ote zuen orduan Gaztelako erregearen gudalosteak suntsitu nahi zuen egiazko errealitatea?
Ez dakigu, Loiolan zauriak sendatzen eman zuen denboran, Montserratera egin zuen erromeria luzean, jabetu ote zen Nafarroako aipatu gatazkaren egiaz. Ez dakigu, hiru egunez eta idatziz Montserraten egin zuen aitortzaren gaietan sartu ote zuen Iruñean auzi zuzengabe hartan parte hartu izana.
Baina garbi atera dezakegu arazo hori oso kontuan izan zuela, geroago, Parisen Xabierko Frantziskoren lagun bihurtu ondoren. Zertan oinarritzen garen? Honetan: geroago, Xabierri misiolari joatea proposatu zionean, ez zion eskatu Gaztelaren kolonietara joatea; benetan egoera izugarria izango zen hori Xabierrentzat: bere familia eta bere herria suntsitu zituzten haien eskutik joatea! Portugesen kolonietara joatea proposatu zion Ignaziok.
Batzuetan esan izan da, menpekoen tratuan «manu militari» jokatu ohi zuela; ez zen hori Ignazio konbertituaren jarrera. Mesedegarri izango litzateke utzi zituen eta gordetzen diren milako eskutitzak errepasatzea. Esan ohi da, adibidez, Xabierrek «adoratu» egiten zuela Ignazio. Erroman Ignaziorekin bizi izan zirenek berek ere «aita» esaten zioten Ignaziori, adeitsu.
Beste alde batetik, Nadalek, behin batean, «bere baitan murgildu eta goraltxatua» harrapatu zuen Ignazio, eta esaten entzun zion: «Orain zerua baino gorago nengoen». Nadalek ezin izan zion aterarazi beste ezer. Ignaziok «ez zuen amore eman nahi giza jakin-minaren aurrean». Halaz guztiz, geroago ugari hustu zion bere barrua Gonsalvezi. Honek xume-xume kontatu zuen Ignazioren isilpekoa, Jaunarekin izandako barne-harremanez. Kostata konbentzitu zuten Ignazio horretara, bere barne-bizitza ez zuela berea bakarrik esanez.
Jainkoarekin harreman pertsonal hori izatea bereak eta bost kostatu zitzaion Ignaziori. Loiolako konbertsioa hasiera izan zen soilik. Santuen bizitza irakurtzearen poderioz, bere berezko abenturazaletasuna abenturazaletasun erlijioso bihurtu zuen. Bai. Baina orduan, «egin eta egin», «egin eta egin» delako sentimenduak gaina hartu zion «izan» sentimenduari. Mimetismoa zuen gidari Ignaziok: Asisko Frantziskorenak, Domingorenak etab. bezalakoak «egin».
Mimetismo-jarrera horretakoak dira: Montserratera joatea, bakarrik joatea, sekulako penitentzia egitea, Montserraten zeraman guztia utzi eta zarpail janztea, erabat eta osorik limosna beharrean gertatzeko.
Noizbait ere, ordea, bizitza osorako markatu zuen esperientzia ukan zuen Manresan, Montserratetik hurbil. Cardoner erreka bazterrean izan zen. Ez zen izan ikuskari bat. «Adimenaren begiak» ireki zitzaizkion. Gauza guztiak «gauza berri iruditzen zitzaizkion». Aitortu zuen ere, bere bizitza guztian, hirurogeita bi urte arte, «ez zuela lortu une hartan bakarrik adina».
Ibai ertzeko esperientziaz hau ere gehitu zuen: «iruditzen zitzaion beste gizon bat ote zen eta ordu arte ez bezalako adimen bat ote zuen». «Gauza guztiak beste begi batzuez ikusten hasi zen». «Beste gizon bat, beste begi batzuk, gauza berriak».
Jesus Jauna, egizu, gure herriak, Ignazio tarteko dela, ikus dezala: nola bihurtu herri berri, nola hornitu herria pertsona berriz, begi berriak dituzkeen pertsona berriz; hurbiltzen joan dadin herri baten egiazko izaerara. Izan ahal dadin herri ameslari, Loiolako Ignazioren harira.
Dionisio Amundarain