Loiolako Ignazio santua 2021-07-31
HOMILIA
Anai-arrebok:
Poz handiz ospatzen dugu gaur Loiolako Ignazio santuaren jaia. Geure artekoa dugu. Hurbil-hurbilekoa.
Batez ere, Ignaziorengan ikusten ditugun gauza bitxi eta zoragarriek eragiten digute poza eta harridura.
Adibidez eta hasteko, zer iruditzen zaizue Ignazioren ateraldi hau? Iruñean, Gaztelako erregearen gudarostean, nafarren kontra ari da borrokan. Utzi dezagun alde batera kontraesan handi hori alde batera: gipuzkoar bat nafarren kontra! Baina ikus dezagun beste gertaera hau. Nafarrek gogor zauritu dute Ignazio, eta hilko den beldur da. Zer egingo?, eta soldadu-lagun batekin konfesatu da. Ohitura omen zen hori garai hartan, eskura apaizik ez zenean. Zeinek egingo luke horrelakorik gaur egunean? Halere, nik neuk eta Elizak berak ere ebanjelio-kutsua ikusten diogu egintza horri. Pentsa: ez al gaitu ebanjelioak gure bekatuak Elizari aitortzera gonbidatzen? Eta igandero ez al dizkiogu aitortzen geure bekatuak Elizari agiri-agirian Mezaren hasieran? Ignazioren egintza bitxi horrek gure aitorpen hori era biziagoan egitera eragin beharko liguke: onartu benetan bekatari garela eta aitortu Elizari bekatari garela, Jainkoari barkamena eska diezaion, damutzen lagundu gaitzan, benetan sinesteko Jainkoak barkatzen dizkigula, benetan maite gaituela. Gauzarik inportanteena geure bizitzan Jainkoak maite gaituela sentitzea. Barne-barnetik sentitzea.
Ignazio santua, eskerrak zure egintza zoragarri horren bidez agertu diguzun zeure fedeagatik, artean erabat Jainkoaganatua ez bazinen ere.
Benetako konbertsioa Loiolako bere etxean hasi zuen Ignaziok. Eta nola hasi? Jesusen eta santuen bizitza irakurriz. Jesusek gurutzean bi lapurretako bati egin zion promesa ekarri ohi dugu gogora askotan. Eta arrazoi osoaz. Baina zenbat horrelako ez du egin Jesusek historian. Nork edo zeinek eragin zion Loiolako Ignaziori bi liburu haiek irakurtzean? Nork eman zion argitasun hura? Dudarik gabe, Jesusen Espirituak. Ez zen izan kolpe bateko konbertsioa. Ignazio liburu haiek irakurtzen hasi zen. Baina aldi berean gogora ekartzen saiatu ohi zen, garai batean, Gaztelan, irakurri zituen zalduneria-liburuak ere; gaur, nobelak esango genuke. Baina zer gertatzen zitzaion? Gogoan nobelak erabiltzen zituenean, barnea triste gelditzen zitzaion. Beste bi liburuak irakurtzean, berriz, barnea atsegin sentitu ohi zuen. Behin eta berriz gauza bera gertatzen zitzaiola jabetu zen. Zergatik kasu batean triste, eta bestean atsegin?
Gogoeta hori mamitzen eta mamitzen joan zen Ignazio gaixoaldi guztian. Eta bere bizitza guztirako ikasbide gertatu zitzaion hori: Jainkoaren harira gogoeta egitean, poza; mundutar gauza hutsen harira gogoeta egitean, desatsegina.
Egiaztapen horretatik aterako zuen gerora bere irakaspeneko printzipio handi hau: BEREIZMENA. Gauzak bereizten jakitea. Gaur egun Frantzisko aita santuak hainbat aldiz errepikatzen diguna. Behin batean hegazkinean galdetu zioten Frantzisko aita santuari: «Zer iritzi duzu homosexualeez». Eta Frantziskoren erantzuna: «Nor naiz ni epaitzeko». Esan nahi du, gauza bat da arau eta printzipio bat; beste bat da, kasu bakoitzean gertatzen diren zertzelada edo inguruabar guztiak kontuan hartzea. Senideok, Loiolako Ignaziok azpimarratu zuen BEREIZMENA. Zein inportantea den! Eta zein gutxi hartzen den kontuan!
Sendatu zenean, Arantzazun eta Errioxan barna Montserratera joan zen eta handik Manresara. Ordurako utziak zituen bere armak eta bere jantzi dotoreak. Pobre jantzi zen, pobre bizi zen eta pobreentzat eta pobreekin. Behin batean, bera bizi zen lekutik urrun samar zegoen eliza baterako bidean ibai-bazterrean eseri zen atseden hartzera. Han bihotz-goraldi bat izan zuen. Erabat aldaturik «esnatu» zen: den-dena berri iruditu zitzaion, beste modu batera ikusten zuen dena. Esperientzia hura bizi-emaile izango zuen bizitza osoan.
Senideok, «Ignazioren gauza bitxi zoragarriak» esan dut hasieran. Hor dugu zauritu zutenean soldadu batekin aitortu izana; hor dugu Loiolan Jesusen eta Santuen bizitza irakurri izana, eta liburu horien gogoetak eta aspaldian irakurriak zituen «nobelen» gogoetek eragiten zizkioten barne-sentimendu desberdinak: atsegina kasu batean eta desatsegina bestean; hor dugu, hirugarren, Manresan izan zuen Jainkoaren esperientzia bizia.
Jakina, Ignazioren bizitza eta haren bizitzako gauzak bitxi eta zoragarriak ez ziren bukatu Manresan. Baina gaurko egun honetarako aski gogoeta-gai pozgarri eta animagarri ditugu, nik uste, hiru hauek. Saia gaitezen barneratzen. Emazkiogun eskerrak Jesusi gure artean geure gogoeta eta probetxurako horrelako gizon bat sortu digulako. Horrelako zaindari bat eman digulako.
Dionisio Amundarain