JESUSEN ZORIONTASUNA (Mt 5,1-12a)
2020-11-01 Santu Guztiak A
Ez da zaila Jesusek ezagutu zuen gizarteko pertsona zoriontsu baten irudia marraztea. Adineko gizonezko bat izango litzateke, sasoikoa, emakume jator eta emankor batekin ezkondua, semedun eta lur aberatsen jabea, erlijio-betetzailea eta herrian itzal handikoa. Zer gehiago eskatzen ahal litzateke?
Dudarik gabe, ez zen hau Jesusek arnasten zuen ideala. Emazterik eta semerik gabe, sororik eta ondasunik gabe, Galilean barna ibiltari eskale gisa, Jesusen biziera ez zen ahokatzen edo egokitzen konbentziozko inolako zoriontasun-motarekin. Haren biziera zirikatzailea zen. Zoriontsu bazen, era kontra-kultural batean zen, ezarritakoaren atzekoz aurrerako era batean.
Izatez, Jesusek ezer gutxi pentsatzen zuen bere zoriontasunean. Bere bizitza, aitzitik, gogo-gogoko zuen egitasmo baten jirabira bizi zuen, sakon bizitzera eragiten zion egitasmoa baitzen. «Jainko-aren erreinua» deitzen zion. Ematen zuen, besteak zoriontsu egiten zituenean zela bera zoriontsu. Onik sentitu ohi zen jendeari osasuna eta duintasuna itzultzea lortzen zuenean, zuzengabeki kendu baitzizkioten.
Jesus ez zen ibili bere probetxu bila. Zoriontasun-egoera berriak nola sortuko ibili zen, guztientzat. Ez zekien zoriontsu izaten gainerakoak bere zorionean sartu gabe. Guztiei proposatzen zizkien irizpide berriak, askeagoak eta errotikoagoak, mundua zori-ontsuago eta duinago egiteko.
«Jainko zoriontsu batengan sinesten zuen, Jainko kreatzaileagan, bere sorkari guztiei bihotzetiko maitasunez begiratzen dienagan; biziaren eta ez heri-otzaren adiskide den Jainkoa zuen bere Jainko, jendearen bekatuei baino gehiago jendearen sufri-menari erreparatzen diona.
Jainko horrekiko fedetik jo zuen eskema erlijioso eta sozialak desegitera. Ez zuen segidako hau bere predikua: «Zorionekoak zuzenak eta jainkozaleak, jasoko baitute Jainkoaren saria» Ez zuen esaten: «Zorionekoak aberatsak eta boteretsuak, segurtatua baitute haren bedeinkazioa». Jesusen aldarria nahas-garria zen guztientzat: «Zorionekoak behartsuak, Jainkoa izango baitute bere zoriona».
Jesusen gonbita guztia honetara dator: «Ez ibili zorion bila zeuen interesak nola aseko, ezta zeuen erlijioaz zeuen probetxurako nola baliatuko ere. Izan zoriontsu, mundua guztientzat zoriontsuago izan dadin, leial eta pazientziaz lan eginez».
Jose Antonio Pagola