Andre Maria Zeruratua 2019-08-15
HOMILIA
Anai-arrebok!
Andre Mariaren zeruratzea ospatzen dugu. Andre Mariaren piztuera. Andre Maria, orduaz gero, Kristorekin erabat eta betiko bat eginik bizi da. Kristo bezala, mundu honetako gure arazoetan partaide bizi da. Ebanjelioak esaten digu, Jainko Aitaren asmoa bere-bere egin zuela Kristok; horregatik zeruko Aitak piztu egin zuela Kristo. Era berean esan behar dugu Mariaz ere: bere Semearen asmoa bere-bere egin duelako, piztu egin du Maria zeruko Aitak bere Semearekin bat eginez.
Kristoren asmoa bere-bere egin du Mariak. Horixe agertu zuen, aingeruari, Jainkoaren Semearen ama izan nahi ote zuen galdetzean, «gerta bedi nigan zuk esana» erantzun zionean. Batez ere, bere bizitza guztian eta gurutzearen oinean, bere semearen asmoarekin bat egin zuenean.
Esan nahi da, Andre Maria emakume fededuna izan dela. Bere konfiantza guztia Jainkoagan ipini duena
Biblia guztian ageri da, horixe dela Jainkoak gizakiari eskatzen diona. Beragan konfiantza jarri eta beraren nahia egin. Hori eskatu zien Abrahami, Moisesi eta Samueli. Gure Aitan ere horixe eskatzen digu eta dugu: «Egin bedi zure nahia». Jesusek, bere lurreko bizian erakutsi digun helburu nagusia da: «Nire janaria , bidali nauenaren nahia egitea da» (Jn 4,34).
Baina bai Abrahamen, bai Moisesen, bai Samuelen, bai Jesusen, bai Mariaren fedea edo konfiantza eraginkorra izan da. Ez da gelditu sentimendu hutsean. Lukasek, adibidez, badaki zer esan nahi duten Elisabetek gaurko ebanjelioan Mariari esandako hitz hauek: «bedeinkatua zu emakume guztien artean». Hitz horiek, kasik hitzez hitz, Juditen liburuan datoz. Israeldarrak arrisku bizian zeuden asiriarren mendean erortzeko. Judit emakume ederra zen, eta Jainkoagan konfiantza handikoa. Bere edertasunaz baliatuz, baina konfiantza guztia Jainkoagan jarriz, asiriarren Holofernes jeneralaren aurrean aurkeztu zen hitz on-onekin eta gozoekin. Baina jenerala mozkor eta lo zegoela hil egin zuen, eta garaipena eman zion Israel herriari. Orduan israeldarren Ozias buruzagiak esan zion Juditi (13, 18): «Bedeinka zaitzala, ene alaba, goi-goiko Jainkoak andre guztien gainetik!». Juditena garaipen handia izan zen, bereak eta bost kostatu zitzaiona; ez, ordea, txikiago Andre Mariarena; honek ere Simeon handiaren hitzak bihotzean gorde beharra izan zuen; batez ere, iragarpen hura ─«ezpatak bihotza zulatuko dizu─ bizi beharra.
Eta guk, nola ikusten dugu Andre Mariaren garaipena? Duela urte batzuk, 2007an, Brasilen egin zuten Latindar Amerikako eta Karibeko Gotzainen V. Batzarra. Honetan honela deskribatu zuten ebanjelioan ageri den Andre Mariaren irudia: emakume «aske eta indartsua», Jaunaren ikasle bete-betea, «Jainkoaren Semea gizon egitearen egitasmoan zeruko Aitarekin solaskidea», «fededunen elkarteko lehen kidea» (266), «misiolari handia» (269), «komunioa edo elkartasuna sortzen duena eta hezitzailea, bizitza partekatua eta solidarioa bizitzeko, anai-arreba artekotasuna bizitzeko, hurkoarekiko, batez ere behartsu eta premia duenarekiko, arreta eta onarpena bizitzeko» (272) eta «beraren errealitatean konprometitu eta beraren aurrean ahots profetikoa izateko gai dena ─Magnificat kantikan ageri denez eta adierazi duenez─ » (451.
Hitz hauek ez dira gogoratzeko bakarrik. Ez digute eragiten geldo edo egonean bizitzera. Ezta jendeari beldurra eragitera ere, bekatua eta bekatua eta bekatua aipatuz. Alderantziz, Andre Mariaren debozioak, arrosarioa otoizteak, santutegi batera erromes joateak etab.ek konfiantzaz eta adoretsu Jainkoaren Erreinua hots egitera eragin beharko ligukete. Jesusek egiten zuen bezala; ez beldurra eraginez, baizik Erreinu horren edertasuna eta alaitasuna agertuz.
Gaur, Andre Mariaren zeruratzea ospatzeak, egingo ahal du biziago gure misiolari-gogoa. Eramango ahal gaitu, jendeak bizi duen egoera eta antsia hobeto ezagutzera, Andre Mariak Kanako Ezteietan agertu zituen kezka eta ardura kontuan harturik. Jakingo ahal dugu bihotz irekiz bizitzen. Jesusek mundu berriaz eta lur berriaz hitz egin izan digu. Andre Mariak, zeruratzean, inoiz imajinatuko ez zuen zeru berrian sartu zen. Zeru berri eta lur berri horiek bihotz irekiz bizitzea eskatzen digute. Jesusen Espiritua izango dugu gidari.
Dionisio Amundarain