EGUBERRI EGUNA (C) 2018-12-25
SARRERA
Senideok, jai pozgarria da gaurko hau, ezer izatekotan. Jainkoa gure artera etorri izana ospatzen dugu, haragi eginik, gizon eginik, gu bezalakoa eginik. Misterio handia. Jainkoaren egundoko asmoa. Mundua salbatzeko asmatu duen biderik miresgarriena.
Lehenago, beste bide batzuk erabili zituen Jainkoak bere salbamen-asmo hori gizakiari agertzeko: patriarkei agertuz, erregeei hitz eginez, profetei –gizonezko nahiz emakume− bere hitza adieraziz… Ez genuke bukatuko.
Halako batean, ordea, bere Semea bidali digu; esana den bezala, gizon eginik. Seme honek agertu digu zer den Jainkoa, zer opa dien gizon-emakume guztiei. Izan ere, zer ez du egin Jesusek hori guztia guri agertzeko: egin dituen mirarizko egintzak, predikatu duen hitza!
Eta hori gutxi balitz bezala, gure artera etorriz jarraitzen du; oraingoan sakramentuz, seinale edo arrasto batzuen bidez. Eman diezagula buru argia, sakramentu horietan, seinale edo arrasto horietan bera ikusi ahal izateko. Gogoan izan dezagun seinalerik handienetakoak pobreak ditugula, miserian bizi direnak, gaixo eta preso daudenak. Ireki ditzagun bihotzeko begiak horietan guztietan Jesus bera sumatzeko.
LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (52,7-10)
Isaiasen liburuak hiru zati ditu. Segidako hau da bigarren zatiaren gai nagusia: Babiloniako erbestetik askatuko du Jainkoak israeldar herria, eta erbestean direnak beren herrira itzuliko dira.
Giro horretan datoz gaurko pasarteko erregu hauek: «esna zaitez, esnatu, Jerusalem». «Badator zure askapena», oihu egiten die profetak israeldarrei. Eta egiaztaturik ikusi du herriak dei eta iragarpen hori. Orduan, pozik bizitzera dei egiten diote elkarri: «Ekin kantuari, egigun guztiok batean; kantatu, Jerusalem, kantatu hiri hondatu horrek».
Gaur-gaurkoa da hau guztia: askapena ekartzera dator Jesus. Pozik kantatu behar dugu. Pozik bizi behar dugu; beti; baina bereziki jai hauetan.
BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (1,1-6)
Hebrearrei egindako idazkiaren hasiera entzungo dugu segidan. Hain zuzen, Jesus etorri izanaren berri handia gogorarazten digu. Aspaldi hartan, Jainkoak modu askotan hitz egin zion gizakiari. Gaur, ordea, bere Semearen bidez hitz egin dio. Konturako ahal gara gu ere geure zoriaren handitasunaz: Jesus bera dugu geure irakaslea, geure bakea, geure bidea, geure bizia, geure bide-erakuslea… Ondo eta sakon samar pentsatzen jarriz gero, pozez zoratzekoa da hori guztia. «Zatoz, Jesus Jauna, zatoz, gu askatzera, gu salbatzera».
EBANJELIOA San Joanen liburutik (1,1-18)
Hemen ere, Joanen ebanjelioaren hasiera entzungo dugu. Ebanjelio osoaren laburpena-edo da pasarte hau. «Logos/Hitza» esapideaz mintzo da. Grekozko «logos» horrek gure «hitza edo berba» esan nahi du.
«Hitza» era askotakoa izan daiteke: bai mihiaz esaten duguna, bai begien, aurpegieraren, belauniko egitearen, eskuaz Aitaren egitearen, idatzi baten bidez jakitera ematen duguna; hitz batean esateko, keinu batez adierazten duguna. Hori guztia eta gehiago da hitza. Oso aberatsa da «hitza». Hitzaren bidez agertzen dugu geure barrua: zer garen, zer nahi dugun, zer opa dugun, zer egin dugun, zer uste dugun, zer sentimendu ditugun, zer sinesten… Hori guztia eta gehiago agertzen dugu hitzaren bidez.
Ba, benetako «hitza», hitz osoa, Jesu Kristo da: Jainkoa zer den, zer egin duen, zer asmo duen, nola maite gaituen etab. agertu digu.
Hitz hori haragi egin da, gizon egin da; baina, zoritxarrez, gizaki askok ez du onartu. Alabaina, onartu duten guztiei Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena eman die. Ba ote zori handiagorik gizakiarentzat!?
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: izan gaitezela gai, Jainkoak bidean utzi dizkigun seinaleetan eta arrastoetan, Jainkoaren maitasunari antzemateko. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gaur familia inguruan elkartuko den jende guztiaren alde: beren jatorria, beren oinarriak sendotzeko aukera izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaur, ez etxean, ez herrian izango ez diren guztien alde: etxekoen eta herrikoen onginahia sumatu eta bizi dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen bildu garenon eta geure familiartekoen eta adiskideen alde: jai hauetan geure fedea pixka bat sendoago egiten saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.