Abendualdia 2018-12-22 Elkarteko penitentzia
HOMILIA
Anai-arrebok!
Azken lau aste hauetan «Adventus Redemptoris» ospatu dugu; «Eroslearen Etorrera» esango genuke euskaraz.
Baina zer esan nahi du esapide horrek: batetik, Redemptor, hau da, Eroslea; bestetik, Etorrera.
Etorreraz asko hitz egin dugu azken lau aste hauetan. Eta hiru Etorrera bereizi ditugu: orain 2000 urteko Jesusen Etorrera; Jesusen eguneroko eta une oroko Etorrera; Jesusen Azken Etorrera: aintzatsu etorriko baita, gutako bakoitza hartu eta Aitagana eramateko.
Baina Redemptor edo Eroslea esaten dugunean, zer adierazten dugu?
Berez, latinezko «redimire» edo euskazko «erosi» hitzek, preso dagoena libre jartzea esan nahi du. Eta libre jartze hori ordainetan zerbait emanez egiten da. Esaterako, gaur modan dago, zoritxarrez, jende bat bahitu edo sekuestratzea, ordainetan zerbait eskatzeko.
Jesusen kasuan, zer esan nahi dugu «eroslea» dela esatean? Askotan oso oker ulertu izan da. Gu libratzeko, gu askatzeko, zeruko Aitari zerbait ordaindu behar izan balio bezala hartu izan da. Guk Aitari zerbait zor bagenio bezala, eta Aitak zor hori ordaintzeko bere burua ematea eskatu balio bezala.
Ez da, ordea, ezer horrelakorik. Adibide batekin argitu nahi nuke, neurritxo batean. Eman dezagun, pertsona bat erabat hautsita dagoela, erabat jota, bizirik ateratzeko kasik esperantzarik gabe. Baina beste pertsona ondradu batek ikusi du, eta bere gain hartu du jota dagoen pertsona hura. Aztertu du ondo zer daukan, eta dosi txikitan jana edo edaria edo botika ematen hasi zaio edo maitasun bizia agertzen. Egun bat. Aste bat, Hilabete bat. Urtebete…
Horrelako zerbait egin du Jesusek. Gizadia jota ikusi du. On egiten hasi zaio, ondo hitz egiten, bere onginahia agerian jartzeko bere bizia ere eman du; ez da konformatu bizia ematearekin; bere Espiritua bidali du bete jende batek bere lana jarraitu dezan; bere Hitza utzi digu; bere gorputz-odolak eman dizkigu bihotz eroria altxatzeko; eta, besteak beste, bere barkazio eta maitasuaren ageriko seinalea eman digu: gaur ospatzen ari garena.
Horrela da Erosle Jesus. Horrela liberatu edo askatu nahi gaitu. Eskerrak berari. Eta zorionak Jesus horrela hartzen eta aitortzen duenari.
Dionisio Amundarain