Andre Maria Sotzez Garbia (2018-12-08)

HOMILIA

Anai-arrebok!

Hasteko, neure miresmena agertu nahi nizueke. Jainkoaren eta Elizaren eta mundu osoko gizon-emakumeon eta gu guztiotako bakoitzaren Ama ospatzen dugu: Andre Maria.

Jakina, zentzu eta alde askotatik dugu Ama Andre Maria.

Gogoratu dezagun, lehenik eta behin, Hasiera liburuko pasarte hau: «Elkarren etsai egingo zaituztet hi (sugea) eta emakumea, hire (sugearen) eta haren ondorengotza; honek, emakumeak, burua zapalduko dik eta hik (sugeak) soilik orpotik helduko diok» (Hasiera 5,15).

Zein da emakume hori. Dudarik gabe, Andre Maria. Jainko Aita munduaren kreatzailea da. Andre Maria, berriz, birkreatua izan den munduaren ama da; berak ekarri du mundura Kristo salbatzailea, Kristo birkreatzailea. Ez al da hori, senideok, miresmena eragiteko gauza? Jainkoaren Ama da. Kristoren Ama. Gure Ama. Ez al digu ematen honek aukera handi bat Jesusengana errazago iristeko?

Sakondu dezagun pixka bat gehiago. Andre Mariarekin batera, ama dugun Elizak aspaldi batean eman zion izen hau Andre Mariari: «itsasoko izarra». Duela mila urte baino gehiago dituen gorazarre bateko izena da, latinez emana: «Ave maris stella». «Agur, itsasoko izarra».

Giza bizitza bide bat da. Ibilaldi bat. Zein du helmuga bide horrek? Norantz doa gizadia bide egiten? Nola bilatu bide egoki bat helmuga horretarako? Egiazko erakusleak horretarako, zuzen bizitzen jakin duten pertsonak ditugu.

Jakina, Jesu Kristo dugu argirik behinena, argirik argiena. Baina argi goren horretara iristeko, hurbilagoko argien beharra dugu. Zein egokiago Andre Maria baino. Bai otoitz ederra hau: «Zure babesera gatoz ihesi, Jainkoaren Ama, gure otoitzei ez eman esker txarrik behar ordu estuan; arrisku guztietatik onez atera gaitzazu, Birjina eder eta bedeinkatua».

Baina Andre Mariaren amatasuna, Jesusi gorputz fisikoa ematean baino gehiago, Jainkoari eta Jesusi berari sinetsi izatean dago. Jainkoaren asmoari «bai» esatean. Ez pentsa, gauza erraza izan zuela hori. Andre Maria, txikitatik, eskolatua zegoen Liburu Santuetan. Bazekien Jainkoa ikus ezina dela. Nola sinetsi Jainko hori gizon egingo dela bere erraietan? Eta nola sinetsi, Jesus hori gurutzean batez ere izango zela salbatzaile?

Ba, zailtasunak zailtasun, Andre Mariak hauxe aitortu du: Gabriel goiaingeruak proposatu dion hori, gizakiak bere bihotz barruan espero duen haren erantzuna dela. Berak eta beraren gurasoek eta garaiko gizon-emakumeek beren bihotz barruan duten antsiari eta desirari Jainkoak emandako erantzuna dela.

Eta geroago, Jesusek berak baietsiko dio Mariari, eta agertuko digu guztioi, Jesusek: «Ur honetatik edango duena ez da gehiago egarri izango» (Joan 4,14) Hitz horiek zuzenean samariar emakumeari esan dizkio Jesusek. Eta samariar emakumeak materialki hartu ditu hasiera batean, Jesus egarri fisikoaz ari balitz bezala. Baina ez; Jesus, gizakiak bere barne-barnean dituen irrika eta desirez ari da. Jesus edaritzat hartzen duena, miresgarriro sentitu da aserik, pozik, atseginik. Andre Mariak sentitu zuen poz bera, atsegin bera sentituko du. Andre Mariaren ahoan jartzen den Magnificat kantika bikainean dio: «pozaren pozaz daukat barrena» (Lukas 1,47).

«Neure miresmena agertu nahi nizueke» esanez hasi naiz. Benetan, Andre Mariari begira jartzen garenean, miresmen hori zoragarri bihurtzen da. Andre Maria, gure salbatzailearen ama. Birkreatzailearen ama. Andre Maria guretzat «itsasoko izarra», gidaria. Andre Maria fededuna, bere ordu arteko uste guztien gainetik goiaingeruari «bai» esan diona. Andre Maria, Semeak berak baietsi diona sinetsi duen hura: «Ur honetatik edango duena ez da gehiago egarri izango». Andre Maria, bere atsekabe handi ikaragarriak eta guzti, pozik ageri dena: «pozaren pozaz daukat barrena».

Senideok, jo dezagun Andre Mariagana, ez bihotzez eta sentimenduz bakarrik, ez adimen eta hitzez bakarrik, baita jokabidez ere: «Zure babesera gatoz, Andre Maria».

Dionisio Amundarain