Jose Antonio Garmendia (Iraolako lehengusua) 2017-03-06
HOMILIA
«Lo hartzen dudanean
eta ez esnatzeko…
Milla galdera datoz burura
orratz sastada antzeko.
Bañan biotza beti prest dago
datorrenari heltzeko» (Joan Mari Lekuona).
Senideok, Jose Antonio joan zaigu, ustekabean, bizialdi luzea egin ondoren, eta luzeagoa espero genionean, luzeagoa opa genionean.
Inork ez digu samina kenduko. Halere, gogoan izan beharko genuke: batetik, gure esaera zaharrak dioena: jaiotzeak hiltzea zor da; bestetik, kristau bezala sinesten duguna: hiltzea ez da bizia galtzea, baizik eta betiko bizira jauzi edo salto egitea. Joan Mari Lekuonarekin, barru-barrutik esan eta bizi beharko genuke: «Baina bihotza beti prest dago datorrenari heltzeko».
Jose Antonioren bizitza. Gizon langilea. Esango nuke ere, gizon berrizalea eta berritzailea. Duela 40 urte inguru izan zen Euskal Herrian barru-barrutik, hondo-hondotik zetorren indar bat, espiritu bat: eraberritu edo akabo. Gure baserrien inguruko mugimendua zen. Jose Antonio bihotz osoaz atxiki edo lotu zitzaion mugimendu eta espiritu hari. Baserria berritu beharra; eraberritu beharra. Intuizio handia izan zuen.
Intuizio handiei jarraitzen dieten pertsonak ez dira izaten beti, ez ondo ulertuak, ez ondo hartuak. Berek ere ez dituzte argi eta garbi ikusten intuizioa jarraitzeak ekarriko dizkieten ondorioak, nekeak, lana. Halere, garbi edota aski garbi ikusten dute helmuga, jomuga. Horrelako zerbait gertatu zitzaion Jose Antoniori ere. Konbentzimendu handiko gizona, esango nuke izan dela.
Helmuga, jomuga… begin aurrean izatea. Garizuman ohikoa dugu Israel herriaren pasadizo bat irakurtzea. Israeldarrak Egipton esklabo izan ziren. Esklabo eta oso zanpaturik. Halako batean, sortu zen beraien artean, konbentzimendu handiko gizon bat: Moises. Intuizioa izan zuen. Eta intuizio hura aurrera eramatea erabaki zuen. Asko kostatuta, lortu zuen judu-taldea konbentzitzera: ihes egin behar dugu, basamortura joko dugu, gogorra izango da basamortuko bidaia, baina gure etorkizuna Palestinan dago. Pentsatu, esan eta egin. Taldea asko penatu zuen basamortuko bizitzak. Behin baino gehiagotan bota zioten aurpegira Moisesi: goseak eta egarriak hiltzera ekarri al gaituzu? Baina hasierazko intuizioari eutsi zioten; jomuga Palestina zuten. Horretan guztian Jainkoaren laguntza sumatu zuten.
Jesusek berak, intuizio bat izan zuen. Zeruko Aitaren borondatea betetzea. Eta Aita horrekin, otoitzean, behin eta berriz hitz eginez, sumatu zuen, herria askatzen saiatzea zegokiola. Jabetu zen, zeregin hori ez zela izango arrosa-kolorekoa. Halere, aurrera eta aurrera. Hil zuten, baina zeruko Aitak piztu zuen.
Senideok, pertsona bat, ez da norberak uste duena bakarrik. Gure Jose Antoniok uste handi bat izan zuen. Baina uste handi hori oso txikia izan zen, beste uste batekin konparaturik. Garrantzizkoena, Jainkoak betikotasun osotik Jose Antonioz duen ustea da: «Heure bizitzan asmatu ala ez, garrantzizkoa duk −esango zioen Jainkoak−. Baina garrantzizkoena bihotz garbiz jokatzea duk. Edozein kasutan, maite haut, mugagabeki maite haut. Daitekeena duk ama bat bere semeaz eta alabaz ahaztea; ni ez nauk sekula hitaz ahaztuko».
Senideok, handia da pertsona bakoitzaren misterioa. Misterioa esatean, ez dut esan nahi ezkutuko zerbait. Misterioa esatean, Jainkoak pertsona bakoitzaz duen asmoa da, bere esanahi zuzenean harturik. Eta asmo hori, gutako bakoitza betiko zorioneko izatea da. Jose Antonio betiko bizian murgildu da, Jesusekin, Andre Mariarekin, bere guraso eta familiartekoekin, santu guztiekin, zeruko mundu osoarekin.
Oroit dadila zeruko Aitaren altzotik, bere familiaz, bere ahaideez, bere adiskideez, mundu osoaz, mundualdi honetan helburu eta jomuga bat dugula bizi gaitzen, zoriontsuago bizi ahal gaitezen.
Dionisio Amundarain