Itsasondoko Iraula baserriko Tomasa lehengusuaren
HILETAK (2015-06-17)

Senideok, Tomasa gure arreba, gure izeba, gure lehengusua, gure adiskidea, zeruko Aitaren altzora joan izana ospatzen dugu.

Kezka pixka batetik erabili dut «ospatzen dugu» hitza. Badira hileta batean «ospatu» hitza nolatan erabiltzen dugun galdetzen eta kritikatzen digutenak. Hain juxtu, ez dut esan «hil izana ospatzen dugu», baizik «zeruko Aitagana joan izana ospatzen dugu».

Bi gauza oso desberdin dira. Fededunok badugu, alderdi tristura ematen diguna; baina geure arteko bat joan izanaz tristura sentitzeaz gain, badugu beste alderdi bat ere: hain zuzen beste alderdi hau ospatzen dugu. Eta Tomasa, emakume fededuna izan da, eta fede hori ospatzen dugu gaur. Fede horrek eragin zion, hain zuzen, Jainkoa Aitatzat aitortzera, Jainkoa Amatzat aitortzera. Fede horrek eragin zion bere bizitzan eskuzabal, bihotz handiko eta solidario izatera.

Duela hilabete, Tomasari elizakoak eskaintzeko eta emateko zoriona izan nuen. Donostian. Matian. Urte asko zeramatzan gaixotasun handi bati gogor egiten.

Matian ikusi eta etxeratu nintzenean, Mikel Laboak abesten zuen kantu bat etorri zitzaidan gogora:
«Nahiz eta heriotza / helduko zaidala jakin,
ez dut / haatik / horren aurka
buru-bihotzez borrokatzetik hetsiko,
ez nau / ustekabean harrapatuko
bizi naizeno bizitza kantatuko du.

Bai. Tomasak ez zuen etsi. Bizitza maite zuen. Bere inguruan bizitza eragiten saiatu zen. Eta ahaleginak egin zituen bere gaitzaren kontra ere.

Halere, borroka horretan ez zen txoratu. Matian ikusi nuenean, gaitzaren azken ostikoak bistan zituela ere, soseguz ikusi nuen. Fede sendoa, esperantza bizia, maitasun estua nabaritu nizkion. Barrutik atera zitzaion fede-aitorpena. Sakon-sakon aitortu zuen esperantza. Ageri-agerian jarri zuen bere maitasuna; esaterako familiako bakoitzari agertu zion maitasunez zein zen bere borondatea.

Soseguz ikusi zuen, bai. Halere, une batean, hitz bat, oso sakona, entzun genion beraren inguruan bildu ginenok: «bakardadea». Agian, ez genion ondo ulertu zer esan nahi zuen. Agian, interpretatu genuen, Matian bakarrik utzi genuela. Baina ez dut uste hori esan nahi zuenik. Ez zen egia bakarrik utzi genuela. Beste zerbait, oso desberdina, esan nahi nuen. Jesusek gurutzean esan zuen hura bera esan nahi zuela uste dut: «Aita, zergatik utzi nauzu eskutik?» Uste dut, Tomasak ere, bere modura, horrelako zerbait sentitzen zuela. Mundu honetatik beste mundura pasatzeak eragiten duen sentimendua.

Sosegua eta guzti, konturatu zen une hori, igarotze hori, salto edo jauzi hori, berak bakarrik egin beharko zuela. Mundu honetako inork ez ziola lagunduko, eskutik hartuta, itsasoaren alde batetik bestera pasatzen. Uste dut, horixe zuela gogoan Tomasak «bakardadea» aipatu zigunean.

Azken batean, edozein pertsonak bizi izaten duen sentimendua da. Baina sentimendu horren kontra beste sentimendu bat, beste konbentzimendu bat nagusitzen da pertsona fededun eta esperantzadun batengan. Jesusek berak gurutzean agertu zuena: «Aita zure eskuetan uzten dut neure espiritua».

Senideok, joan den igandean, mostaza haziaren parabola entzun genuen. Hazi txikienetakoa da. Baina arbolatxo bat bihurtzen da. Aldatu duenak ez daki nola doan hazten. Bere baitan duen indarrez hazten da. Aldatu duenak ezin ezer egin alde horretatik. Bere izaeran berean du indar hori. Gauza bera gertatzen da, esan zigun Jesusek, Jainkoaren erregetzarekin ere. Txikia da oso. Baina haziz doa pixkana-pixkana. Gizarte bezala, elkarte bezala, harturik esaten den hori, pertsona bezala harturik esan behar dugu: pertsona bakoitzak bere barruan du haziz joateko indarra. Horixe da arazoa: indar hori ez moteltzea, ez galtzea, baizik eragitea bere betera iritsi dadin.

Gure arteko hainbat eta hainbat lagun beren betera iritsi direla sinesteak. Andre Maria eta Jesusen espiritua bidelagun ditugula sinesteak lagundu diezagutela. Batez ere, konbentzitu gaitezela itsaso handiaren ertz batetik beste ertzera igarotzeko orduan, geure begiz ikusteko moduan inor izango ez badugu ere, egiaz eta benetan izango ditugula geurekin Andre Maria eta Jesus maitea.

DIONISIO AMUNDARAIN